ZUZENDARIARI

Hausnarketa txiki bat Kataluniatik

Bartzelona.
2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Badakit egun hauetan hamaika hausnarketa zentzudun eta luze topatzeko aukera izango dugula. Nireak, ordea, ez du halakoa izan nahi, baina bada ehunka bizi den Ezker Abertzaleko militante baten hausnarketa txikia. Hain modan dauden Herrialde Katalanetatik; ez, hemen ez zaio lur honi Katalunia deitzen. Hemen ikasitakoekin, eta distantziak ematen duen perspektibatik.

Horren urrun bizitzeak gauzen errealitatea galtzeko aukera ere ematen duela esango nuke. Nik ez nuen espero EH Bilduk jaso duen kolpe latza. Kanpaina ona egin duzuela esango nuke, imajinatiboa, borrokalaria, betiko erreferenteen berreskurapenarekin...

Azken urteetako deribak, ordea, ez du barkatzen, eta hamabost egunetan ezin da urteetan galdutako babes soziala eta diskurtsoa berreskuratu. Gure boz asko Podemos-ek bereganatu dituela esango nuke, eta beste askok abstentziora jo du. Politika egiteko modu berriak eskatzen dute herritarrek, herri lanean oinarritutako borroka. EH Bildu ez da politika berri horren aitzindaria, gaur egun.

Ez da, baina izan gara. Urteetan ongi egin dugun zerbait da hori, hain zuzen ere. Urteetan herrietan egon gara, Herri Mugimenduan, kalean, borrokan eta antolakuntzan. Hori da ezkerreko abertzaleon historia, bide horretan lan egokia egindakoak gara; eta etorkizuna ere hortik etorriko da.

Herri boterearen eta herri babesaren arteko talkan dago gakoa. Herri boterea oinarritik eraikitzen da; markari, erremintari, berebiziko garrantzirik eman gabe. Herri babesa, ordea, marka baten inguruan eraikitzen da, oinarria eraikitzea ahaztuta, sareetatik, diskurtso handi eta politetatik.

Soziologoek esan izan dute Ezker Abertzaleak ez zituela hautesleak galtzen inoiz. Hor zegoen herri boterea. Berdin zitzaigun zein zen marka, zein aurpegia; inportanteena proiektua zen. Orain ez da horrela, aurpegi erakargarriak bilatzen ditugu, proiektuari kasu handirik egin gabe. Herri babesaren tranpan erori gara, eta babesa aldatu egiten da.

Autoa gelditu, eta handik jaisteko garaia heldu zaigu. Gurpilik ezin da konpondu autoa martxan den bitartean. Gidaria(k) beldurrik gabe aldatu behar dira, noizean behin deskantsatzeko eskubidea badutelako. Zapata ederrak ere alboratu behar ditugu, mendiko botak jantzi, urteetako lokatzaz zikindutako horiek, eta ekin! Nire zapatilak behar badituzue, hemen daude, prest, zikintzeko prest, beste askorenekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.