Domeka eguerdian eta gure ohituren kontra, ETB2ko Teleberri ikusten egon ginen. Halako batean, Larrabasterra-Plentziaren arteko Metroko katenarian matxura bat zegoela eta, zerbitzuan aldaketaren berri eman zuen esatariak, baina pantaila azpiko faldoian agertzen zen Plencia herriaren aipamena. Ez genuen sinesten irakurtzen ari ginena, eta saiatu ginen behin eta berriro ikusten ea beste Teleberri-n, gauekoan, nola agertzen zen idatzita Plentzia izen ofiziala duen herriaren izena. Berdin, Plencia, eta gainera esataria saiatu zen horrela ahoskatzen: Plen-cia.
Orduan konturatu ginen, agian, beste herri berri bat sortu dela Euskal Herrian, zeren nik dakidala Plentzia Bizkaian dago, Plencia non? Teleberri, aspalditik, norabiderik ezean dabil, euskararen aurkako jarrera mantenduz edo hobeto esanda, erdararen aldeko hautua egiten. Zoritxarrez, iritzia sortzen saiatzen dira, bere ugazaba zahar-berriak, ildo politiko zehatza lantzen dutelako egunero.
Orain gutxi, Baiona herri frantses gisa aurkeztu zuten, eta Iparraldea Frantzia modura. Euskal Herria erkidegoarekin lotzen dute ia beti. Teleberri-n ez dute gure lurraldetasuna bera ere defendatzen. Beste adibide bat eguraldia ematerakoan, nola agertzen den gure lurraren mapa, Trebiño barik.
Hau al da diru publikoarekin mantendu nahi dugun telebista? ETBko zuzendari jauna, guk dakigula Bizkaian Plencia ez da existitzen, bai aldiz Plentzia izeneko herri polita. Beraz, gutxienez errespetatu ofizialtasuna, gure aldetik Adios, Euscal Televista.
ZUZENDARIARI
Herri berri bat Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu