Azken egunotan hainbat artikulu eta ikastaro ari dira ematen hilekoari buruz. Duela egun gutxi ikastaro bateko arduradunek hitz egin zuten Euskadi Irratian eta frogatutzat eman zuten ilargiak emakumeen hilekoan duen eragina, hobeto esanda, hilekoaren zikloaren iraupenean.
Onartzen da emakumeen zikloak batez beste 28 eguneko iraupena duela, 15 eta 45 egun arteko gorabeherekin.
Lehenik esan behar da ilargiak bere buruari bira bat emateko 27,3 egun behar dituela, baina ilargi bete batetik hurrengora 29,53 egun daudela. Beraz, ez da egia ilargiaren faseen zikloak 28 egun irauten duela. Emakumeen hilekoek ez lukete duten oszilazio hori eduki behar ilargiarekin batera balebiltza.
Pentsa dezagun, halere, ilargiaren zikloa eta emakumeena lotuta daudela. Ondorioa litzateke emakume guztiek une berean edukiko luketela hilekoa. Argi dago ez dela horrela.
Azkenik, ezin dugu gizakia beste ugaztunetatik berezi. Ugaztunetan sekulako aldaketak daude espezie batetik bestera, baina urtean zehar, ernari ez dauden garaiak alde batera utzita, estroa etengabea duten bi azienda hartzen baditugu kontuan, alegia behia eta txerri ahardia, ikusten da hauen zikloaren iraupena 21 egunekoa dela. Estroa, araldia, ilargiaren eraginpean balego, hauek ere 29,53 egunekoa beharko lukete.
Primate batzuena aipatzearren, gorilak 30-39 egun; makakoak 21-38 egun eta txinpatzeak 36 egun. Gizakia unibertsoaren zenbait erritmorekin lotuta dagoela adierazteak xarma badu, baina lotura batzuk ez dira objektiboak.
ZUZENDARIARI
Hilekoa eta ilargia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu