ZUZENDARIARI

Hirietako trafikoa eta haurrak

Arantza Fernandez de Garaialde
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Taxista batek halaxe esan zidan duela hainbat urte, irail batez: «Bilboko trafikoa eskolak hasten direnean zapuzten da, ordura arte ondo ibiltzen gara, baina umeen busak hastean, akabo». Eta ez dut inoiz ahaztu. Ikastetxe publikoetan lanean urteak eman eta gero, busez ibili naiz umeekin: urteko txangoa, astean behin piszinetara... Eskola baten eguneroko garraioa ere ezagutu nuen, ikasle batzuek etxetik bi kilometro baino gehiago zutelako D eredu gertukoeneraino, baina salbuespena izan da beti eskola publikoek umeak garraiatzea, oso baldintza zorrotzak (batzuetan zorrotzegiak) ezarri dituelako Hezkuntza Sailak horretarako. Hala ere, arrazoia zuen taxistak, trafikoan argi sumatzen da noiz hasten diren umeak geletara, busak direla eta. Hobeto doaz busez banakako autoetan baino, hala da. Hobe da umeak soilik joatea bakoitza heldu batekin joatea baino, ados gaude. Bus barruan segurtasun neurriak daude, egia da: uhalak, hezitzailea... Baina, zer dela eta behar dugu horrenbeste eskola garraio? Nora ote doaz?

Esango dizuet: etxetik gertu ez dauden ikastetxe pribatuetara doaz, egunero, milaka ikasle EAEn. Ikastetxe horiek, gehienak, itunduak daude, beraz, zonifikazio bati lotuta egon beharko lukete, baina ez. Egunero gutxienez Araban 33 autobusek, Gipuzkoan 81ek eta Bizkaian 358k Haur eta Lehen Hezkuntzako umeak (2-13 urte bitartekoak) ikastetxe itunduetara eramaten dituzte, autobus haietako gutxienez 82 Bilbotik pasatzen direlarik. Horietako ikastetxe asko hiriguneetan daude.

Egunero ordu bat edo bi autobusean eserita eman behar izateak ez dirudi oso atsegina barruan doazenentzat, era berean, gainerakoentzat, egunero eskolara joateko orduan kaleak trafikoz eta kutsaduraz gainezka izatea oso txarra da, espaloiak autobusen zain daudenek oztopatuta aurkitzea gehiegikeria da, energia xahutzeari buruz zer esanik ez; hori guztia diru publikoaz sustatzea ez al genuke zalantzan jarri behar?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.