ZUZENDARIARI

Hondarr-ibia

Aritz Branton.
Donostia
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gizakia taldekoia da: elkartzea gustuko dugu. Eliza, taberna, ikastetxea... lanean, kiroletan, festetan... leku eta une egoki asko ditugu elkar ikusteko, elkarrekin hitz egiteko, adiskideekin biltzeko.

Kultura partekatzeak, alegia, hizkuntza komun bat izateak, talde-identitatea ematen digu; hizkuntza kultura bakoitzaren mamia da. Hori dela eta, euskaldun batzuek «Zazpiak Bat» diote Euskal Herriko zazpi lurraldeek identitatea partekatzen dutela esateko; hego Euskal Herri-zaleek, berriz, «Laurak Bat» diote; eta Euskadi-zaleek, «Hirurak Bat».

Zubiek ere elkartzen gaituzte, eta elkartasunaren ikurrak dira, euro billeteetan ikus dezakegun bezala, eta Donostiako 2016ko inaugurazioan ikus genezakeen bezala. Izan ere, Maria Cristina zubi gainean egin zen ikuskizunak historian zehar inoiz gertatutakoa lortu zuen donostiar guzti-guztiak ados jarri zituenean: egindakoa hiritar guzti-guztiei penagarria iruditu zitzaien.

Kulturak eta zubiek elkartzen gaituzte, eta festetan ere elkartzen gara. Batzuetan, festa baten jatorria historiaren lainopean geratu da, gure ezjakintasunak edo ezjakinkeriak babestuta. Esaterako, Ingalaterran azaroaren 5ean egiten den Guido Fawkes festa. Fawkes katolikoa 1606an Ingalaterrako erregea erailtzen saiatu zen, eta gaur egun balizko hiltzailea ordezkatzen duten panpinak herrialdeko herri guztietan erretzen dira. Baina hamarkada asko dira katoliko ingelesek ere panpinak erretzen dituztela; alegia, festaren jatorriaz ahaztuta, herritar guztiak biltzen dira, eta gaua elkarrekin ondo pasatzen dute.

Magnizidio frustratu hori baino ia mende bat lehenago, Hondarribiko setioa bukatu zen, 1524an. Une horretan, Nafarroa berreskuratzeko azken ahaleginak porrot egin zuen, erresuma zaharra Gaztela eta Aragoiko Erresumek konkistatuta. Eta gaur egun, Hondarribian, porrot-garaipen hori ospatzen da; alegia, festaren jatorriaz ahaztuta, Espainiako eta Euskal Herriko abertzaleak batzen dira, herritar guztiak biltzen dira eta eguna elkarrekin ondo pasatzen dute... edo ez.

Itxura guztien arabera, Hondarribian ezin da «Zazpiak Bat», «Laurak Bat» edo «Hirurak Bat» esan, ezta «Bat Bat» ere. Alardeari dagokionez, behintzat, «Bat Bi Erdi» esan beharko genuke.

Baina, ohar bat. Lagun batzuen arabera, kanpokook besteen gauzei buruz hausnartzea gaizki dago bertako sentimenduak ez ditugulako partekatzen; beraz, ez da bidezkoa gure aburua ematea. Tamalez ni halakoa naiz, desegokia, ausartegia, eta niri egokitzen ez zaizkidan gaien gaineko iritziak ateratzen ditut askotan. Jaunak mahai batean esertzea eta mirabeak beste batean, esaterako, klasekeriatzat hartzen dut; aberatsek txiroek adina zerga ordaintzea, bidegabekeria; herritarrek festak elkarrekin ez egitea, tristea.

Lagun batzuen arabera, gizonak eta emakumeak ezberdinak dira, biologia eta hezieragatik, baina eskubide berdinak dituzte; beste lagun batzuen arabera, aldiz, gizonak eta emakumeak ezberdinak dira, bai, baina ez dituzte eskubide berdinak. Azken iritzi hori dela eta, hondarribiarrek alardea bi taldetan ospatzen dute: gizon-gizonen taldea, eta emakume-gizonen taldea. Bitxi-bitxia da, baina Hondarribiko festak ez ditu herritarrak batzen, kontrakoa baizik: bereizi egiten ditu.

Hendaiako hondartza luzatu arte, ibi batek Hendaia eta Hondarribia lotzen zituen, eta hortik dator herriaren izena, alegia, hondarr-ibia. Izadiak egindako hondarrezko ibi horren gainean ibiliz, herri batetik bestera joan zitekeen oinez. Beharbada garaia da beste ibi bat eraikitzeko, izaki adimenduak egindakoa oraingo honetan, eta herriaren barne, herriko festetan bi herritar-multzoak elkar daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.