ZUZENDARIARI

Idoia Mendia, PSOE eta «ahanztura historikoa»

Donostia.
2015eko irailaren 3a
00:00
Entzun
PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiaren ustez, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak parekatu nahi du «ETAren jardun kriminal sistematikoa, ehunka hildako eragin eta proiektu politiko bat inposatu nahi zutenena, beste ekintza batzuekin, giza eskubideen urraketa eragin zutenak baita ere, baina jatorria beste zirkunstantzia batzuetan zutena».

Mendia andrea, aipatzen dituzun «beste zirkunstantzia» horiek Euskal Herriak pairatu zituen etengabeko salbuespen egoera eta frankismoaren «proiektu politiko» faxistaren defentsan Guardia Zibilak, Polizia Armatuak eta «inkontrolatuek» egindako ekintzak al dira?

Idoia Mendiak esaten du halaber sozialistek ez dutela bere egiten Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkaritzaren helburuekin, beraien ustez «urardotu nahi dutelako Euskadin egondako biolentzia espezifikoa —ETAren terrorismoa eta legez kanpo horri aurre egin nahi izan zioten beste terrorismoak— beste indarkeria motekin, eta horrek gatazkaren tesia babesten du».

Mendia andrea, «Euskadin espezifikoki egondako biolentzia» aipatzen duzunean, poliziek eta «inkontrolatuek» gauzatutako biolentziari buruz ere ari zara? Edo zu al zara diluitu nahi dituena, gatazka politikoaren existentzia ezeztatzeko asmoz, baimen osoa ematen zieten sei salbuespen egoeretan Euskal Herriko hiritarrok jasan behar izan genuen polizia hauen biolentzia eta izua?

Idoia Mendiak dioenez, «funtzionario publikoen eskutik giza eskubideak urratuta izan dituzten biktimek aitortza merezi dute, erreparatuak eta oroituak izateko eskubidea dute, baina modu desberdinean, biktima izateko kausa ezberdina izan zelako».

Mendia andrea, pare bat ohar. Nire anaia Mikel Salegi Urbieta Guardia Zibilak hil zuen, kontrol batean. Ez zituen «bere eskubideak urratuta» ikusi; hil egin zuten. Zuk dakizun edo jakin beharko zenukeen bezala, «irregulartzat»jotzen dituzun «jokaerak» sistematikoak ziren.

Jaime Mayor Orejak esaten zuen frankismoa «aparteko baretasunez» bizi izan zuela. Dirudienez, ez zen bera bakarrik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.