ZUZENDARIARI

Iruñeko txistu alardea

Auritz.
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Iritzi artikulu hau hasi nahi dut esaten, aurtengo Txistu Alardea gustatu zaidala, musikalki: konposizio onak, egokiak eta atseginak iruditu zaizkit. Jarraian, alardean izandako hainbat pertsonari entzundako iruzkinak jarriko ditut: batzuei horrelako kontzertua ez zaie egokia iruditzen leku horretarako, sanferminetan. Beste batzuek galdetzen dute ea zergatik ez den jotzen sanferminetako eta jai giroko doinurik, dantzarik...; lehen, baietz, jotzen zirela, diote. Beste pertsona batzuek itauntzen dute ea zergatik ez diren jotzen doinu berriak/berritzaileak eta tradizionalak. Beste entzule batzuek antzerkiari irizten diote sobera dagoela, han ez duela asko pintatzen, beraiek txistua eta musika entzutera doazela eta ez antzerkia ikustera; gainera, luzetxo eta astuna gertatzen zaiela. Eta bukatzeko, beste ikus-entzule batzuek galdegiten dute ea zergatik ez den egiten aurkezpen motz, txukun eta onik. Esan bezala, honainokoak, nik entzundako iritziak eta galderak izan dira; erositako neurri berberean saldu ditut.

Hementxe hasten da nire uztakoa hobebeharrez, eta euskarari dagokionez da. Nire galdera batzuk hauexek dira: txistua ez al da euskal kulturako zutabe sendo bat? Eta, alde batera utzita antzerkirik egin behar den ala ez, zergatik sartzen da hainbeste erdara halako ikuskizunean? Nork behartzen gaitu horretara? Ez ote dugu gutxitasun konplexurik erdaldunekiko? Ez al dugu sinisten behar beste gure kulturan? Ez ote ditugu gehiegi errespetatzen erdaldunak eta gutxiegi euskaldunak, jakinda hango ikus-entzule gehienak euskaldunak edota euskatzaleak direla? Edo, zer, bertsolariek ere hasi beharko al lukete beren bertsoak erdaratzen, Sarasate pasealekuan, esate baterako, erdaldunek ere uler ditzaten? Ez al dute esaten, ba, musika hizkuntza unibertsala dela? Zergatik gutxiesten dugu hainbeste geure burua?

Horra hor hausnartzeko galdera batzuk! Neronek uste dut askoz gehiago erabili beharko litzatekeela euskara horrelakoetan (baita kontserbatorioetako kontzertuetan ere), eta askoz gutxiago erdara; azalpen motz eta argi batzuekin, nahikoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.