Badira hamar urtetik gora Andoaingo Sorabilla auzoan kokaturik dagoen Itasa lantegiak, 24 orduz sortzen duen zarataz gain, sekulako kiratsa eskaintzen digula bertako bizilagunei. Gure inguruko belardi eta baratzeetan zabaltzen den ximaurrari ere usaina dario, baina horrek ez gaitu kezkatzen; hori badakigu zer den, eta lurrari on eginez gero, onartua dugu beharrezkoa dela.
Itasako keari darion kiratsak, aldiz, asko kezkatzen gaitu. Ez dakigu zehazki zeren ondorio den, eta usaina oso kimikoa denez, nazka, beldurra, ondoeza eta azkenaldian ezinegona sortu du inguruan bizi garenongan.
Itasak eskaintzen dituen produktuen katalogoa begiratuz gero aurkitzen diren produktuek nahiko inozoak dirudite: elikatze-enbalajeak, linersak, zinta itsaskorrak, Kraft papera, pegatina papera...
Eta produktu horiek ekoizteko erabiltzen diren osagaiei erreparatuz gero aurki ditzakezu binil kloruroa, beira, silikonak... badirudi egunerokotasunean esku artean erabiltzen ditugunak direla.
Bai, esku artean erabiltzea ondo dago, aukera bat da, baina osagai horiek norberaren gorputzera sartzea ez da gauza bera; gure inguruko airea osagai horietaz kargaturik dagoela sentitzea eta hori arnasten ari garela jakitea ez da gauza samurra.
Norberaren etxeko leihoa irekitzen ausartzen ez denik ere badago gurean. Irudikatzen al duzue zuen etxeko leihoa ireki aurretik inguruan usain erasokorra dagoen ala ez ikuskatu beharrean bizitzea?
Ba horrela gabiltza azken hamarkadan Sorabillako plazako biztanleak.
Eta ez da izango kolore ezberdineko udal agintariekin elkartu eta gure arazoa luzatu ez diegulako, ez. Ez da izango, ezta ere, udaletxeko Ingurumen teknikariak gai honi buruz ezer ez dakielako, ez. Beraiekin izan baititugu bilerak auzotarrok eta Auzo Elkarteak ere bai; usaina dagoen egun gehienetan mezuak helarazten dizkiegulako, eta hainbatetan udaltzainak ere bertaratu izan direlako usainaren partea hartzera.
Badakigu gaur egungo Andoaingo alkate den Andoni Alvarez irailaren 26an bildu zela Itasa enpresarekin, gai hau tratatzeko, eta enpresak dioela lantegiko ekoizpen zehatz baten ondorioz isurtzen dituztela usain hauek.
Badirudi bileraren ondoren udala Eusko Jaurlaritzarekin jarriko dela harremanetan, hau guztia aztertu eta zein konponbide jarri daitekeen aztertuko dutela. Noiz? Nola? Ez dakigu...
Dakiguna da Itasari oso ondo doakiola negozioa, etekin ekonomiko ederrak ateratzen dituela eta orain gainera Estatu Batuetako kapitala dagoela bertan inbertitua.
Horren aurrean zer gara gu? Babesik gabeko herritar xume batzuk baino ez... Badakizue, gainera, hego haize goxoetan izaten ditugula usainik handienak? Ba horiexek Sorabillako berriak, lagunak.