Duela pare bat aste jakin genuen Iurretako alkateak udal idazkaria kargutik kentzea nahi zuela, eta, beste behin ere, alkatearen eskutik ez genuen inolako dei ez mezurik jaso erabaki honen berri emateko.
Badakigu alkatearen eskumena dela idazkariaren kargu uztea Bizkaiko Aldundiari eskatzea. Baina guztiz onartezina ikusten dugu langile publiko bat egun batetik bestera kaleratzea. Zein dira arrazoiak?
Denbora luzez idazkari gabe egon ostean (udaleko beste langile bat aritu da idazkari lanak egiten), aurtengo martxoan hasi zen idazkaria lanean. Eta bat-batean, hura kargutik kentzeko ondorengoa argudiatu du alkateak: tarte honetan langile batzuen artean sortu diren gorabehera batzuk, eta erronka berriei aurre egiteko kualifikazio gehiago duen idazkari baten beharra.
Gure ustez, langileen arteko gatazka hauek bideratzea alkateari dagokio. Eta, bigarren arrazoiaz, deigarria deritzogu duela sei urte idazkariaz gain idazkari-albokoa ere derrigor behar zela defendatzen zuen pertsona berak, ustez udalak aurre egin beharreko erronka berriei erantzuteko, beste udal batean lanean ari den idazkari bat akumulazioan eskatzea. Gainera, langile berriaren jarduna %30a izango litzateke.
Oso larria da langile publiko bat kaleratzea. Emandako arrazoiak ez ditugu inondik inora konpartitzen. Ez dugu onartuko «diskrezioa» aitzakiatzat hartuta gainontzeko udal ordezkarion ezkutuan jardutea.
Alkatearekin bildu gara eta ikusi dugu ez duela inolako asmorik premiazko ezohiko osoko bilkura batera deitu eta azalpenak emateko. Ondorioz, bilkura horretara deitzeko eskaera erregistratu dugu, eta zain gaude. Aldi berean, informejuridikoa eskatu dugu alkateak holako erabakia udalbatza barik har dezakeen ala ez argitzeko, eta langileen ordezkariekin ere batzeko asmoa daukagu kaleratzea aztertzeko.
ZUZENDARIARI
Iurretako udal idazkaria, kaleratua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu