Gure udalak (Donostia), irmotasun handiz, adierazpen bat egin du udal talde guztien babesarekin, berdintasunean oinarritutako eta erasorik gabeko festa batzuen alde, izan eraso horiek sexu, arraza, erlijio edo joera sexualaren araberako bazterketan oinarritutakoa. Gustiz ados.
Desberdintasunak, erasoak eta matxismoa existitzen badira, horiek indartzen dituen gizarte batean bizi garelako da. Ugariak baitira matxismoa eta desberdintasunak indartzen dituzten elkarteak. Udalak ez du soilik adierazpenetan geratu behar, elkarte matxista eta diskriminatzaile horiek festetako egitarau ofizialetik eta diruz lagundutakotik kanpo utzi behar ditu.
Denok dakigu La Gastronomica (Kanoikada), Gaztelubide (Festara) eta Union Artesana (Agur Asteari) elkarteetan emakumeak ezin direla bazkide izan, emakume izate soilagatik. Gutxi balitz bezala, gainera, Union Artesanak emakume donostiarrak omentzeko erabili nahi du Agur Asteari. Bai, bazkide izaten uzten ez dien horiek omendu nahi ditu.
Lotsagarria eta iraingarria. Udalak eraso sexistarik gabeko festa batzuen alde egin duen kanpaina ongi iruditzen zaidanez, ez naiz joango Agur Asteari ekitaldira, eta espero dut berdintasunaren aldeko jarrera duten biztanle donostiarrak ere ekitaldi horretara ez joatea; bere egunerokotasunean emakumeak diskriminatzen dituen elkarte batek egindako «emakumeentzako omenaldi» ekitaldira, hain zuzen.
Espero dut abuztuaren 19a baino lehen udalak bertan behera uztea elkarte matxista eta diskriminatzaile batek antolatutako ekitaldi kontraesankor horri eman dion babesa.
ZUZENDARIARI
Jaiak, sexismoa eta kontraesanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu