ZUZENDARIARI

Jose Moreno Torresen familiaren eskertza komunikatua

Ibai Fresnedo Moreno.
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jose Moreno Torres-en familiaren izenean, egunotan gure gudariaren galeragatik jasotako berotasuna eta dolumina infinituki eskertu nahi dizuegu; bereziki aurreko asteazkenean ospatutako hiletan.

Ez dugu hitzik jasotako harrotasun eta eskertza mezuen aurrean; alegia, borroka antifaxistari eta gerra zibilean Euskal Herri aske baten alde borrokatu zirenen memoriari dedikatutako bizitza oso bati eginiko eskertzak.

Gure aita, aitona eta birraitona herriaren eta herriarentzako gizona zen. Bihotz eta indar erregaitz bat borrokalari eta langile baten gorputzean; bere bizitza luzean zeharreko «gerra» guztiak batailatuz. Balio etiko sendoko pertsona eta demokraziaren defentsan eta ondoren hau onera ekartzen lagundu zuen belaunaldi oso baten ordezkaria; gaur egun berriz arriskuan dagoen demokrazia, gainera.

Bere azken egunetan aspertu arte esaten zuen justizia eta oraindik irekita jarraitzen duten zaurien erreparazioa ezinbestekoak zirela jendarte gisa aurrera egiteko. Gure herri txiki honen patua markatu zuen historia bizirik mantenduz eta gogora ekarriz; jende migratzaile, ideologikoki anitza eta itxuraz serioa, baina, aldi berean, mundura besoak irekiak dituen jendez osatutako herri txikia.

Josek belaunaldi desberdinak ezagutu eta gozatzeko aukera izan zuen. Bere aburuz, urteen poderioz «faxismoak duen benetako esanahiaz ahazten eta lokartzen joan diren» belaunaldiak. Baina bere oroimenak eta batez ere bere borrokak egunen batean atzera begiratzerakoan gure jatorriaz harro sentitzea eragingo du. Honela, askatasunik gabeko etorkizun faxista bat ekidinez.

Bere hiletan, ideologia, adin, klase eta jatorri guztietako jendea ikusi genuen bere galera deitoratzen. Izan ere, berak zioen moduan, bere «familia» askozaz ere zabalagoa zen; «familia» bat, zeinak lagundu egin duen 100 urtera arteko bizi luzea zaintzen.

Bere familia nukleo gertuenekoon aldetik, bereziki honakoak eskertu nahi ditugu: Elai- Alai dantza taldea, azken 30 urteetan hainbesteko maitasunarekin haien artean hartu izanagatik. Iban Gorriti (Mugalariko kazetaria) eta Fernando Pedro Perez (bere liburu biografikoaren egilea), haren memoria jaso, balioetsi eta zabaltzeagatik. Berekin balentriak elkarbanatu zituzten politikari eta sindikalismoko kideak, azkenengo unera arte omendu zutenak. Santa Marinako ospitalea, une oro emandako tratu duinagatik; batez ere bere gertueneko medikuari, Iratxe Gonzalez Morcillo. Eta inor ahantzita utzi barik, bere begietara begiratze hutsaz bizitza horren zoriontsu egin zioten guztiak.

Amaitzeko, esan nahiko genuke irrikaz espero dugula memoria historikoaren legeak benetan integralak izatea, eta frankismoak eta nazioarteko faxismoak gauzatutako krimenen aurrean justizia eta erreparazioa egitea.

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.