Espainiako Hauteskunde Orokorren kanpainako azken egunotan espero ez genituen protagonistak agertu dira beraien artean liskarrak sorrarazten Madrilgo telebista estudioetan. Protagonista horiek Eusko Alderdi Jeltzalea ordezkatzen duen Aitor Esteban diputatua eta Vox partiduaren ordezkari ezberdinak izan dira. Jada denok dakigu Vox-i bost axola zaiola Euskal Herrian ordezkaririk ez ateratzea, beraien helburua beste probintzietan bozak maximizatzea baita.
Bi partiduen arteko liskarra azaroaren 1eko debatearen ondorioz hasi zen; bertan, Vox-eko Ivan Espinosa de los Monteros bozeramaileak Eusko Alderdi Jeltzalea partidu arrazista eta xenofoboa dela esan zuen. Hurrengo egunean, Aitor Estebanek beste hitzordu bat izan zuen Madrileko beste telebista-programa batean parte hartzeko. Bertan, aurreko eguneko eztabaida biziarekin jarraitu zuen. Oraingo honetan Javier Ortega-Smith izan zen bere arerioa, zeinek mehatxatu zuen inoiz Vox Espainiako Gobernura helduz gero Eusko Alderdi Jeltzalea ilegalizatuko zutela. Halaber, bi partiduen arteko gatazkak sare sozialetan, nagusiki Twitterren, jarraipena izan du azken egunetan.
Hori guztia jakinda, arraro xamar egiten da buruz buru beraien kontra jarri den euskal partidua EAJ izatea. Antonio Machadok behin esan zuen moduan, «En política solo triunfa quien pone la vela donde sopla el aire», eta beste behin halaxe egin du Aitor Esteban politikari trebeak EAJren marketin taldearekin batera. Ezer gutxi balio du Abascalen partiduaren ekimen bati aurre egitea, joan den urriaren 20an Bilbon gertatu zen bezala, ondoren manifestariak apaltzeko ertzainak bidali zituen partiduak eramango baditu antifrankismoaren dominak estatuko beste hiritar guztien begietan.
Azken urteotan, hainbeste hauteskunderekin, EAJk nolabait eskuineko demo-kristau partidu tradizionala izateari utzi dio belaunaldi gazteenentzat. Askok apirileko Hauteskunde Orokorren ostean harrotasun osoz txiokatu zuten Euskal Autonomia Erkidegotik aurkeztu ziren hautagai eskuindarrak ez zirela gai izan ordezkaririk ateratzeko, EAJk erosotasunez irabazi zuenean, batez besteko %28,73ko bozak lortuz, eta sei diputatu Madrilera bidaliz, bederatzi senatariekin batera. Inkestek diotenaren arabera, Eusko Alderdi Jeltzaleak berriz ere irabaziko ditu igande honetako hauteskundeak Euskal Autonomia Erkidegoan, eta beste behin telebistatik ikusiko ditugu Estebanen hitzaldiak espainiar eskuinari aurre egiten eta Euskal Herria defendatzen, benetako boterea duten Herrian, eliteentzako gobernatzen duen bitartean; azken finean merkatuaren menpe gaude denok, eta merkatua ez da ezer marketinik gabe. Kalean uso, etxean otso.
ZUZENDARIARI
Kalean uso, etxean otso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu