ZUZENDARIARI

Kaleratze gutuna itunpeko eskola batean

Unai Artabe Olea.
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Itunpeko eskola batean egiten dut lan, momentuz. Momentuz diot, izan ere, irailaren 4an kaleratu egiten nindutela adierazi zidaten, eta hilaren 19ra arte eskolara etorri behar naiz, legeak betetzeko daude eta. Hortaz, kaleratze gutuna jaso eta hamabost egunera bukatuko dut San Pedro Apostol ikastetxean duela bost urte Euskara eta Literatura irakasle bezala hasi nuen ibilbidea. Barkatu, San Pedro Apostol esan dut, baina Scientia Bilbao esan behar nuen, duela urtebete inguru mojek Scientia School SA enpresa madrildarrari saldu zioten Bilboko Volantin pasealekuko 36a.

Irailaren 1ean hasi ginen irakasleok lanean. Urtero lez, 13:00etan ikasturte hasierako bilera eduki genuen. Bertan, Scientia Schooleko kontseilari delegatua azaldu zen. «Azalpenak» ematera behintzat ausartu zen, dirua zor baitigu. Bere esanetan, «desoreka ekonomikoak baino ez dira», nire kasuan 1.000 euroko «desoreka» abenduko soldatan. Hori gutxi balitz, uztaileko eta abuztuko nominak ezingo zituela ordaindu jakinarazi zigun. Ahots leunez entzun genion esaten «irailetik, hilabetero nire patrikatik 30.000 euro baino gehiago irten dira». 2022-2023 ikasturtean zehar, eskolarekin 255.000 euro baino gehiago galdu zituela baieztatu zigun enpresa-gizonak.

Nik ez dakit jabeak esandakoa egia ala gezurra zen. Ikasturte hasierako bilkuran ez zuten inolako agiririk, frogagiririk edo ziurtagiririk erakutsi. Berbak bakarrik, berba hutsak. Hori dela eta, nik fede gutxi daukat. Hori bai, irakasleok ez gara inozoak eta iazko ikasturtean zehar ikasleen irteera eta egonaldiak ordaindu gabe daudela badakigu. Zergatik? Gu geu garelako aurpegia ematen dutenak, lotsaturik erantzuten dugunak «ez dakigu zer gertatzen ari den, baina zerbait dakidanean lehenbailehen erantzungo dizuet». Guk jasotzen ditugu landetxeen, museoen eta aterpetxeen emailak: «Noiz ordainduko duzue?», «Aterpetxeko faktura ordaindu gabe dago, zer gertatzen ari da?». Tamalez, ezin diegu erantzun, guri ere ez baitigute erantzuten. Ikusezinak gara. Egia bakarra eta objektiboa da: zorrak dituzte. Zorrak hornitzaileekin, zorrak ikasleen irteerak eta egonaldiak ahalbidetu zizkiguten enpresekin, eta zorrak langileekin.

Curroren bakarrizketa eten egin genuen irakasle batzuek (Curro deitzeko esan zigun enpresaburuak, gertutasuna adierazteko edo... batek daki). Nik nire kasua azaldu nion. Abendutik dirua zor zidatela eta azken bi nominen diru-sarrerak falta zitzaizkidala. Bere erantzuna: «Ez nekien ezer». Soilegia iruditu zitzaidan erantzundakoa, giza baliabideen arduraduna bertan baitzegoen. Nire egoera azaltzen duten hamaika email jasoak zituen hark. Inoiz ez zituen erantzun. Gainera bazekiten apirilean salaketa jarri niela Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailean.

Irailaren 4a, beraz, astelehena. Bigarren laneguna zen, tartean asteburua izan genuen. Susmo txarra nuen goiz hartan. Irakasle gelan sartu bezain pronto, Scientia Schooleko giza baliabideen arduradunak deitu zidan. Gelatxo batean sartu eta aurrez aurre eseri ginen. Karpeta ireki zuen eta dokumentu bat hurbildu zidan. Kaleratze gutuna zen. Despeditzearen arrazoiak: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak diruz lagundutako zenbait programa gutxitzea. Honi, familien ez-ordaintze eta kuoten itzulketen ondorioz diru-sarrerak murriztea gehitu behar zaio.

Kanporatzearen argudioa ez zitzaidan balekoa iruditu, eta nik jarritako salaketarengatik ote zen galdetu nion giza baliabideen arduradunari. Ezetz erantzun zidan. Hotza izan zen. No conforme idatzi, sinatu, eta alde egin nuen, malkoei eutsiz.

Jakinekoa da itunpeko ikastetxeetako irakasleriaren soldatak Eusko Jaurlaritzak bermatzen dituela. Orduan, zergatik ez ditugu 2022-2023ko soldatak jaso oraindik? Itunpeko eskolen erabakia delako irakasle bat ordainketa eskuordetuan sartzea edo ez. Beraz, ikastetxeak irakasle bat ez badu ordainketa eskuordetuan sartzen administrazioak ez dauka kontrolik, hau da, administrazioak ez daki ikasturte hasieran soldatetarako emaniko diru-laguntza egoki bideratu den ala ez.

BERRIAk ekainean eginiko elkarrizketan, Jokin Bildarratzek honela zioen: «Beti egongo gara itunpeko eskolen alde». Apaltasun osoz eskatu nahi diot Hezkuntza sailburuari, itunpekoen alde egotea barik, itunpekoen gainean egotea, zorrotzak izatea, diru-laguntzak kontrolatzea eta diru-publikoa jasotzen duten eskola guztietan urteroko auditoretzak burutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.