Esaten da gure artetik bestera egiten onenak izaten direla aurrenak. Zure kasuan, Kepa, behintzat, egia da. Ez bakarrik onena izanda, onenean eta gazte joatea tokatu zitzaizulako, bikaina izatetik ezinbestekoen mailara aspaldi saltoa egina zenuelako baino.
Gaixotasun larri, sendaezin eta madarikatu baten ondorioz joan zinen apirilean gure artetik. Eskolan, plazan, pilaran edo hondartzan zure gizatasunaren handia eta adiskidetasuna ezagutu izan dugunok badakigu, edo oraintxe hasi gara konturatzen, zure lepo zabalak urteetan jaso duen kargaren zama zein astuna izan den. Zure ekarpena zein handia izan den. Lekeitioko futbolaren historian zure izena letra larriz idatzi beharko da, futbolzaletasunaren oinarriak jartzen maisu izan zinen, baina ez bakarrik jokalariak egin dituzulako mutilak, hezi egin dituzulako baino. Hezi erakutsiz eta irakatsiz ostikadak baloiari ematen zaizkiola,eta lagunari zein etsaiari, eskua.
Bihar, 19:00etan, San Antolin jaien barruan, Lekeitioko Larrotegi futbol zelaian, Lekeitio FTk eta Athleticek zure omenezko partida bat jokatuko dute. Athleticeko jokalariak ere Lekeitiora Kepak merezi duen omenaldia eskaintzera etorriko dira. Han izango gara Miren eta Edurneri lagun egiten eta, Bolkana amatatu zen arren, horren beroak bizi garen bitartean gure artean iraungo duela esateko.
Eddie Ugarteburu.
Zuzendariari
Kepa Naberan, 'Bolkana'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu