ZUZENDARIARI

Kontuek ez dute hutsik egin, ez horixe!

Larraitz Esnaola.
2017ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
BERRIA ireki eta egin dudan lehenengo gauza, kirolen atalera salto egitea izan da. Hara! Lehenengo orria ireki eta emakumezkoen arraunari eskainia zela ohartu naiz, a ze sorpresa! Bai, Gipuzkoako Ligari ekin zioten Castrenako, Lea-Artibaiko, Portugaleteko, Donostiarrako, Deustuko, Arraun Lagunak-eko, Hernaniko, Orioko, Hibaikako eta baita San Juango emakumeek ere. Ibaizabaleko uretan izan zuten lehenengo estropada. Aurreko urtean Gipuzkoako Liga, Hibaikako emakumeek irabazi zuten, eta Oreretara eraman zuten garaipena. Goazen bada harira.

Kirolen atala irekitzearekin batera, San Juango emakumezko arraunlariak ageri ziren larunbatean irabazitako lehenengo bandera ospatzen. Argazkian, pozik ziruditen, eta poztekoa da, bai, estropada ederra egin baitzuten. Alde horretatik primeran deritzot egunkarian haien argazkia ikusgarri jarri izana.

Argazkitik begiak beheraka jaitsi eta albistea irakurtzeari ekin diot. Horrela zioen: «Batetik bat. San Juanek aurreneko garaipena lortu du traineru denbora ofizialean, eta ez da inor harritu emaitza horrekin. Taldeak dena dauka irabazteko, eta horretarako lehenengo pausoa izan zen atzokoa».

Zer diozue? Ez al dizue hitzen batek edo esaldiak berak belarrian minik egiten? Bada, niri bai. Albistea irakurtzen hasi bezain pronto buruko ileak harrotzen hasi zaizkidala antzeman dut. Albistean aurrera egin ahala, sutzen hasi naiz, eta amaierara iritsitakoan ekaitzak lehertu du nire barrenean. Amorrua, pena, gorrotoa... denetarik sentitu dut eztanda horretan.

Arrazoia zein izan ote den galdetuko du baten batek akaso, bada ez dut aipatu gabe utziko, ez horixe. Nazkatua nago. Amorratuta nago. Ez al zaizue iruditzen San Juango emakumezko trainerua saltzen ibiltzen direla komunikabideak? Ez al zaizue iruditzen lehengo urteko garaileak aipamena merezi duela? Ez al zaizue iruditzen lehenengo estropada izanik goizegi dela San Juango traineruak dena irabazia duela ziurtzat emateko? Ez al zaizue iruditzen San Juango emakumeez gain beste emakumeek ere goraipatuak izan beharko luketela?

Kontuek ez dute hutsik egin, ez. Azken urteetan bezalaxe, badirudi komunikabideak ados jarri direla aurtengoan ere emakume arrosei ospea oparitzen hasteko eta irakurleak Bateleren ibilbidera mugatzeko.

Nazkatuta nago eta nazkatuta gaude. Onena nor den ikusteko dago oraindik. Traineruen lehia hasi besterik ez da egin. Gozatzeko asko dugu, eta garaileak bere momentuan izango dira garaile. Beraz, mesedez, arren eta otoi: komunikatzaile jator hori(ek), utzi emakumezko traineruen lehietan alferrikako iruzkin ustelak egiteari. Iritziak iritzi, talde guztiek dute haien abileziak aitortuak izateko eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.