ZUZENDARIARI

Kutxabank, Athletic eta ume euskaldunak

Gaizka Argarate Belategi.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Triste bueltatu ginen bai joan den ostegun gauean, apirilaren 27an, San Mamestik, 0-1 emaitzarekin, baina guraso euskaldun bezala baita amorratuta ere.

Astelehenean Kutxabanketik deitu ziguten, zozketa batean bi sarrera eta umebatek lehen mailako futbol jokalariekin partida aurretik argazkia ateratzea suertatu zitzaigula esanez. Hura ezustekoa, imajina dezakezue 6 urteko etxeko txikiaren poza.

Asteartean argazkia ateratzeko prozedura azaldu ziguten eta hala jakinarazi genion gure txikiari. Zelaiko parkingaren sarreran egon behar ginela eta bertan, emakume batek, ume guztiak batu eta berak eramango zituela zelaira gurasorik gabe .

Gure txikiaren poza laino beltzez estaltzen hasi zen. Bere kezka? Ba, bakarrik joan behar zuenez, ea emakume hark euskaraz ote zekien.

Umea oraindik elebakar euskalduna izanik, saiatu ginen lasaitzen: «Lasai, umeekin baldin badabil, Athleticek emakume euskal hiztuna bidaliko du zuek bezalako umeak zelaira laguntzeko»...

Heldu zen eguna eta emakumezkoa han zegoen ume talde batekin. Baina hara non, gure kezka egia bihurtu zen: emakumeak ez zekien tutik ere euskaraz.

Triste bueltatu ginen bai, emaitzaz aparte, gure umeak euskal futbolarien hizkuntza nagusia publikora begira zein den onartua badu ere, orain bere ekipoak bera moduko ume euskaldunei ez dielako berea eta herri honetakoa den hizkuntzan hitz egin.

Guk, guraso bezala, ez dugu ulertzen Bizkaia osotik (edo Euskal Herritik) jokalariekin argazkiak ateratzera joaten diren ume piloa ikusita, Athleticek duen langile kopuruaz, tartean euskal hiztunak, nola ez duten jartzen gutxienez euskaraz zuzenduko zaien pertsona bat. Euskaldunontzat begirunea eta bereziki gure txikientzat bestelako irudi bat emango luke, ez dut uste hain zaila denik.

Besterik gabe, gure eskaera kontuan izango duzuelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.