Halaxe esan zuen, «voy a declarar la guerra a los navajeros», nork eta munduko alkaterik onena izendatua izan zenak. Hori maila hori! Azken egun hauetan, hainbat hedabidetan jo eta su ibili izan dira labanekin sortutako gertakari triste batzuen inguruan. Honekin, ez dut esan nahi gertaerak atentzioa merezi ez duenik, baina nago informazioa zabaltzeko moduarekin ez ote duten jende talde baten aurkako laidotzea sustatuko.
Gertakizunen larritasunetik harago joan nahi nuke, baina. Nire gurasoek erakutsi zidaten arazo ororen aurrean horien jatorrira, sustraira jotzea zela egin beharrekoa. Nik dakidala, urte asko dira labanak gure kaleetan daudela, beraz, horrelako gertakari tristeen oinarrietara jotzeari inoiz heldu al diozue? Zerk eramaten du pertsona bat horrelakorik egitera?, maila sozialaren arrakalak zer eragin dauka honetan guztian?, zein ardura daukate hartzen diren erabaki politiko-sozialek?, denok al ditugu oinarrizko premiak beteta?, zer ardura daukate banketxe eta energia enpresek?, hirugarren munduko espoliazioak eraginik ba al dauka honetan guztian? Hauexek, boteprontoan bururatzen zaizkidan galderak, baina beste hamaika plantea genitzake. Ez dakit gai hauei buruzko hausnarketarik sustatu ote den hedabideetan.
Bien bitartean Bilboko portuan tanke eta drone batzuk Ukrainara begira daude. Eta Euskadiko hainbat enpresa eta pertsona patrikak betetzen dabiltza, eta hainbat politikari hori hauspotzen. Sua gasolinarekin itzaltzea, noiztik, baina! Zein trataera dauka honek gure hedabideetan?
Boteredun zareten horiek (kazetari, politikari zein enpresaburu), honi guztiari buruzko hausnarketarik sustatzen ez duzuen bitartean, etikatik eta gizatasunetik oso urrun egongo zarete.
Batzuek, hipokrisia esaten diote, beste batzuek auzolana; nik, auzo-lotsa diotsat.
ZUZENDARIARI
Labanak eta tankeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu