Laboral Kutxako bezeroa bazara, egun batetik bestera zure dirua gal dezakezu. Ez gara ezer asmatzen ari, gertatu egin zaigu. Tolosako sukurtsalean dugu kontua eta bertan genuen guztia eraman dute, lau transferentziatan. Guk halakorik agindu gabe, guk inor baimendu gabe.
23 eurorekin geratu gara; bi haur, hipoteka bat, eta gure bizi proiektua ez atzera eta ez aurrera. Gertatutakoa salatu eta dirua itzultzeko erreklamatu diogu bankuari. Ulermena eta babesa eskatu diegu. Alferrik. Bizkarra eman digute, abandonatu gaituzte. «Bada beste modu bat», diote. Erraz ekartzen dira erro eta konpromiso sozialak esloganetara. Kea besterik ez da.
Ikerketak argituko du gertatutakoa; guk bi hipotesi baino ez ditugu: edo Laboralak lapurrak etxean ditu, edo kanpotik sartu zaizkie segurtasun neurri denak gaindituz.
Dirurik gabe, baina inoizko aberatsenak sentitzen gara, badirelako balioak, burtsan kotizatzen ez dutenak, mundua eraldatzeko eta barrenak astintzeko gai: bihotzez eskerrak familiari, lagun eta lankideei, bizilagunei, estualdian besarkatu gaituzuen guztiei eta laguntza eskaini diguzuenei.
Epaiketara goaz, Laboralak jakinarazi baitigu ez duela dagokion erantzukizuna bere gain hartuko. Legea argia bada ere, banka ahalguztidunarekin egin dugu topo. Orain bai, argi dugu gure dirua eraman duena bezain lapurra dela itzuli nahi ez diguna. Gurea dena berreskuratu nahi dugu, besterik ez. Galdu dugun guztia dugu irabazteko. Lortuko dugu.
ZUZENDARIARI
Laboral Kutxako bezeroei, kontuz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu