ZUZENDARIARI

Lehenik eta berriz, amestu

Haltsu
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Antzina ez nuke esango, baina bai aspaldian, buruzagi politikoek, kinka larrian egonagatik Euskal Herri proiektu bat, edo bi edo hiru, aldarrikatzen zituzten, ikusle eta irakurleen begietan argitxoak piztuz, burmuinetan konexioak aktibatuz, irudi debekatu liluragarriak sortuz. Herriaren opioa ez baina dopamina: plazeraren eta arriskuak hartzeko joeraren hormona.

Gaurkoan serotonina aroan gaude, ongizate sentsazioaren hormonaren aroan. Gaurko euskal buruzagiei, politikariei, administrazioei, erakundeei serotonina darie komunikabideetatik, inkestetatik: «aurrera goaz», «hiztun kopurua emendatu da», «4.000 ikasleen muga gainditu dugu», «bake prozesua bidean da», «euskal presoak Euskal Herritik hurbiltzen ari dira». Jendea gustura egon dadin, eroso. Eskean ibili gabe, herri gisa pentsatzeko, euskal herritar sentitzeko, Euskal Herri batua eta librea amesteko ez dugu inoren baimenik behar. Lehenik amestu eta jarraian gauzatu.

Euskaraldian egiten dugunaren ildotik, Aberrialdia jorra dezakegu egunerokoan: Euskararen eta Euskal Herriaren batasuna aldarrikatuz; estatu arrotzak aipatzerakoan «estatua» esan ordez «frantses estatua» edo «espainiar estatua» erabiliz, gurea lortu arte; Euskaltzaindiaren 139. araua betez, euskaraz, eta atzerriko beste hizkuntza guztietan; eta beste hamaika horrelako. Herri librea, independentea amestea eta kausitzea ez da ez bekatu, ez delitu. Herri ororen eskubidea baizik. Gure hizkuntza, kultura, nortasuna eta lurra babes dezakeen tresnarik onena. Ezetz diotenak ere, menturaz jakin gabe, ados daude horrekin. Izan ere, Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza eta datxikon gatazka Hollywood-eko blockbuster bilakatuko balituzte, nola Star Wars, Braveheart, Avatar... mundu guztiak egingo luke gure alde, zalantza izpirik gabe. Beno, baina hor Goya saria eskuratzeko aukera gutxi. Ametsa saltzeko makina horiek izan ezean, amesteko gaitasuna eta kemena berreskura ditzagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.