ZUZENDARIARI

Lesbos, Europaren lotsaizun

2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Yadi naiz. Bost egun daramatzat Turkiako itsasertzeko mendi-baso batean ezkutaturik trafikatzaileen deiaren zain. Laster izango omen dugu aukera. Nirekin dira ama eta Aheng arreba gazteena hiru urteko alaba Asthirekin. Ama hitzik gabe dago azken hiru egunotan. Aita talibanek hil ziguten. Arrebari negar-malkoak ahitu zaizkio. Asthi ez dago haserre, ez baitaki non eta zertan ari garen; familiaren babesa besterik ez du. Gaua igarotzeko kanpin-denda bat eta inolako argi eta surik ez egiteko agindua eman digute.

Gau luzearen ondoren, gomazko ontzi estu batean, beste 40rekin batera, egunsentian heldu gara Lesbosko Mantamados inguruko itsasertzera; bidean lagun bat galdu dugu; itsasoak irentsi du garrasikako herio itunean. Aldean zakuto bat besterik ez dugu. Ez dakigu nondik gatozen, ezta nora goazen ere. GKE bateko lau lagun geneuzkan zain. Jantzi idorrak eta jatekoa eman digute.

Moriako kanpamentuan tokirik ez dagoenez, alboko olibadi-basoan hasi gara nonbait guneren bat aurkitu asmoz. Aldapa, lokatza, jendea lurrean, zaborra nonahi, kiratsa, ur zikina, jendea sartu eta sartuz bata bestearen ondoan, gainean... ahal den bezala, zirrikituren bat topatu arte. Gu siriarrak, ondokoak irakiarrak, atzekoak irandarrak, aurrekoak afganiarrak, ezkerrekoak senegaldarrak, eskuinekoak kurduak... haratago auskalo nongoak; guztiok Europan; begiradak bai, baina galderarik ez. Pakistan, Afganistan eta Iranen artean dagoen Balutxistan herrialdekoak gara. Hantxe utzi ditugu gure etxea, baratzea eta alorra, hantxe gure lur, hondar eta aire idorra. Zorioneko Europaren bila etorri eta miseriazko Europarekin egin dugu topo.

Ilundu du. Komunerako ia 100 lagun daude zain. Usain txar okagarria lagun dugula etzan gara. Haurra, nekeak abailduta, lo dago. Amak hitzik gabe jarraitzen du buruko zapipean makurtuta; ez dago lorik ezleku honetan.

Biharamuna zain dugu. Asilo-paperak behar ditugu. Ez dakit zenbat urte ditudan; 27-30 inguru. Berriro hamarrera hasi behar: noiz naizen, adina, nongoa naizen, zergatik natorren… den-dena (gerra, mehatxuak, bortxaketak...) sinesgarritasun handienaz ziurtatu beharrean gaude, baldin eta aurrera egin nahi badut, bestela deportatu egingo gaituzte. Negu gorria ate-joka daukagu. Dagoeneko, komunikabide gehienetan ez da Lesboseko albisterik. Garai bateko kolonialismoaren ondorioak, Turkiaren Europan sartzeko gura, Zipre, kurduekiko gatazka eta Mediterraneoko gasaren jabetzak, ordea, indar handiagoa dute; bitartean, bertatik bertara laguntzeaz gain, elikagai-banku, Karitas eta abarren bidez, bizi-irauteko laguntza ematea beste biderik ez dugu hiritar arruntok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.