ZUZENDARIARI

LGTBIQ+ fobia irauli!

Zuriñe Estivariz Martinez de Antoñana eta June Torrealdai Garate.
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gure herriko kaleetan LGTBIQ+ lehenengo manifestazioa egon zenetik 45 urte pasatu dira. 1978. urtean dena lortzeko zegoen, eta lortuko zelaren ilusioarekin atera ziren kalera. Garai horretan alfer eta gaizkileen legea indarrean zegoen arren, kalera atera ziren, beldurra aldarrikapen eta borrokan bilakatuz. Urteak joan urteak etorri, pixkanaka-pixkanaka eskubideak lortzen hasi ziren, hurrengo belaunaldietako LGTBIQ+ pertsonen bizitzak ikusgarriagoak bihurtuz.

Bidea ez da erraza, eta bidean Estatuak hetero-kapitalismoaren arauetara egokitu litezkeen aldarrikapenak bereganatu ditu, normalizaziorako bidean egokiak izango ziren legeak onartuz. Dena den, egiari zor, lege hauek pertsona askoren bizitzak hobetu ditu, baina ezin dugu ahaztu ere, lege ausartagoak proposatu direnean sortu duten eta sortzen ari diren zalaparta itzela.

Azken urteetan kapitalismoak (edo gay-kapitalismoak hobeto esanda) gure aldarrikapenak bere mesedetan erabili ditu, eta honekin batera, jendartean dena lortuta dagoelaren sentsazio faltsua saldu du, borrokaren desmobilizazio batera eramateko nahiez; zenbat aldiz entzun behar izan dugu, «bueno, eta orain zer gehiago nahi duzue? Ez duzue nahikoa ala?».

Horren aurrean ahots disidenteak egon dira; urtez-urte hetero-kapitalismoari men egitearen arriskuak behin eta berriro esan dituztenak, jakinda sistemak ez digula ezer oparituko bere mesedetan ez bada, eta kapitalismoan pertsonek bizitzerik ez dutela, munstroa elikatzeko ez bada.

Aurrerapausoak egon dira, batzuentzat azkar izan badira ere, beste batzuentzat berandu heldu dira, baina egia da, askeago bizi garelaren sentsazioa zabalduta dagoela gazte askoren artean, eta ukaezina da hori lorpen izugarria dela.

2023. urtean gaude, eta kaleak betetzen jarraituko dugu. Argi daukagu, gero eta gehiago zabaltzen ari dela LGTBIQ+ taldeek urtez urte bidali dugun mezua; «nekez lortutako eskubideak azkar galdu ahal ditugu».

Datozen hauteskundeetan, eskuina eta ultraeskuinak lurralde askotan irabazteko aukerak dituzte, eta hori gertatzen denean LGTBIQ+ pertsonenganako gorrotoa areagotzen da.

Hortaz, ez dakigu zein testuinguruan hasiko dugun ikasturtea, bitartean Ekainaren 28ko mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu eta ondoren Aske izan oporretan, aske izatea baita daukagun aldarrikapen indartsuena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.