ZUZENDARIARI

Maite zaitugu

Nerea San Miguel Bengoa.
Arrate Bengoaren senideak.
2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Une latz hauek bizi beharko genituela imajinatzen ez genuen arren, bizitzak amildegi horri aurre egitera behartu gaitu. Etengabe galdetzen diegu gure buruei nola beteko ote dugun Arratek utzitako hutsunea. Ohartu gara, ordea, hutsuneak bete baino gehiago beraiekin bizitzen ikasi behar dugula; ahaleginduko gara horretan.

Esaldi hauek baliatu nahiko genituzke denbora horietan guztian jaso dugun babesa eskertzeko. Egoera gogor honen aurrean, zuen maitasunaz ari gara, ateratzen indarra zegoenik ere ez genekien lekuetatik.

Ospitaletik hasi eta etxeraino, ezergatik aldatuko ez genituzkeen bidelagunak izan ditugu osasun arlo publikoan. Hautu argi bat egin zuen Arratek hasieratik: betidanik babestu eta beste askorekin batera eraiki duen kalitatezko zerbitzu integral eta euskaldunaren esku uztea bere bizitza. Gaur, ziurtasun osoz diogu erabaki egokia izan dela, ezin baitugu hitzez deskribatu arlo publikotik jaso dugun zerbitzuaren kalitatea eta gertutasuna. Mila esker prozesu honetan zuen onena eman duzuen profesional guztiei, bereziki Arrasateko etxeko ospitalizazio unitatetik jaso dugun hurbiltasun eta goxotasunagatik.

Eskerrik asko guztiontzako osasun sistema publiko duinean sinetsi eta haren alde borrokatzen zaretenoi. Guztion eskuetan dago herritar ororen oinarrizko eskubide hau baldintza egokietan egikaritzea. Eta apustu hori ekonomikoki ere egin behar da, instituzioek beraien partetik eta herritarrok guretik.

Barruan gordeak ditugu herri honen etorkizuna diren haurrek Arraterentzat egindako marrazkiak, oparitutako irribarre bakoitza eta ilusio begirada denak. Zaindu ditzagun haiek, eta zaindu ditzagun geure buruak.

Ama, miresten dogu minbizixari aurre eitteko euki dozun ausardixia. Eman doskuzun indar horrekin gogoratuko zaittugu eta eingo dogu aurrera.

Mila esker, lagunok. Gozatu bizitza!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.