ZUZENDARIARI

Malvinetako gerra (1982-2022)

Donostia
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
BERRIA egunkariak apirilaren 30ean argitaratu zuen Malvinetako gerrari buruzko albistea. Aurtengo maiatzaren hasieran, izan ere, berrogei urte bete baitira Argentinaren eta Erresuma Batuaren gerra hura hasi zela, eta beterano argentinarren hainbat lekukotza jaso ziren egun horretan.

Hori dela eta, garai hartako bizipenak etorri zaizkit burura. Izan ere, neroni 1982an soldaduska egiten ari nintzen Madrilgo Alcala de Henaresko El Viso bolborategian, eta, modu zuzenean ez izan arren, zeharka bada ere esan dezaket gerra hartarako lan gogorra egitera behartu nindutela.

Azalduko dut egoera. 1982ko maiatzean, Malvinetako gerra hasita zegoela, bat-batean 50 kamioi militar ailegatu ziren bolborategira. Lona berdearekin, kamioi klasikoak baino handiagoak ziren, berri-berriak eta hutsik. Gaueko hamarretatik goizeko zazpiak arte, lanean aritu ginen berrogei soldadu inguru bolborategiko pasabideetan barrena, eskuz kargatu baikenituen 50 kamiotzar horiek, buruan ondo iltzatuta dauzkadan egurrezko kaxa handi eta luzexkekin, alde banatan soka txiki bat zutenak helduleku gisa, eta goiko aldean testu hau zeukaten idatzita: Granadas rompedoras50 kg.

Gau guztian kargamentua burutu ondoren, goizean literan etzanda besoak minduta eta txingurrituta nituen. Bi edo hiru egun pasatu ondoren, 50 kamioiek hantxe jarraitzen zuten bolborategiko errepidean, bete-beteak eta geldirik. Soldadu guztiok beldurtuta ginen, gau bateko presazko lanak egin ondoren, ea kamioi guztiak deskargatzera behartuko ote gintuzten atzera ere. Garai hartan, ezaguna baitzen militar espainiarrek oso harreman ona omen zutela militar argentinarrekin, eta, seguruena Madrilgo armamentua Argentinara bidaltzearena militar espainiarren iniziatiba izango zelakoan, kuarteleko zurrumurru nagusia zen militarrak gobernuaren baimenaren zain egongo zirela, kamioi horiek Barajasko aireportura eramateko.

Gure zorionerako, egun gutxi batzuk igaro ondoren, kamioiek alde egin zuten; eta soldadu guztiok lasaitasun ederra hartu genuen; bestetik, ordea, penaturik ere baginen, kargarazi egin ziguten granada pilo hark auskalo zenbat pertsona hilko ote zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.