NUPeko irakaslea

Messiaen Gazatik urrun

Igor Saenz Abarzuza
2025eko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den ekainaren 16an, Olivier Messiaen-en Denboraren amaierarako laukotea jo zuten Tel Aviveko Charles Bronfman auditoriumean. Deshumanizazio naziaren testuinguruan sortua eta estreinatuta, presoen artean eskuragarri zeuden musikariekin egin zen: klarinetea, biolina, biolontxeloa eta Messiaen bera pianoan. Interpretazio horretatik hilabete bat igarota, Israelek Gazaren suntsiketarekin jarraitzen du, nazioarteko komunitateko buruen entzumenezko anestesiaren aurrean. Beharrik, geroz eta ahots gehiagok entzunak izatea eskatzen dute, isiltasuna zama lotsagarri bihurtu delako, are gehiago gastu militarra etengabe hazten doan garaiotan. 

Honela dio Marwan Makhoul-en poema batek: «Poesia politikoa ez den bat idazteko/ txoriak entzun behar ditut/ baina txoriak entzuteko/ bonbardaketak amaitu behar du». Israelek eraiki eta kontrolatzen duen harresiaren bestaldean entzun beharko lirateke Messiaenen notak. Paisaia soinudunen arteko kontrastea jasanezina da. Poemak hunkitu egiten du, hitzez azaltzean zaila dena hainbeste aldiz esana, ikusita eta entzunda dagoenean. 

Messiaenek bere obra idatzi zuen garaian bezala, oraindik ere lo lasai egiten uzten ez digun artea behar dugu. Baina arteen sinbolismoek mugak dituzte: musikak ez ditu bonbak desbideratzen, ez hildakoak berpizten, ez eta eragindako mina sendatzen ere. Orduan, itxaropenik ba al dago? Bada, bizitza dagoen bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.