ZUZENDARIARI

Mila esker San Jeronimo zahar-etxeko langileei

Consuelo Jimenez Arrietaren familia.
Lizarra
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den urriaren 15ean hil zen gure ama Consuelo, Lizarrako San Jeronimo zahar-etxean. Haren ahotik askotan aditu genuen zenbat balio duen esker onekoa izaten jakiteak, eta halaxe jokatu nahiko genuke guk orain; baina uste dugu ez dela batere erraza jasotako guztiaren ordaina itzultzea, iruditzen baitzaigu ez genukeela gure sentimendua behar bezala adieraziko opari modura soilik gauza material bat emanez. Horregatik erabaki dugu argitara emanez ezagutaraztea Lizarrako zahar-etxean ari diren langile guzti-guztiek egunez egun egiten duten lan ezin hobearen aitortza.

Gure amak sentipen horixe adierazi zigun beti, zoragarria dela egoitzan lan egiten duten langileetako bakoitza.

Hainbeste da gure amak bere bizitzaren azken urteetan jaso duena bere etxe horretan (halaxe kontsideratzen zuen berak), ez baikenuke hemen tokirik aski izanen denak esan nahi izanez gero: zainketak, errespetua, maitasun handia, lagunak, gure amak egiten ahalko zituela imajinatu ere ezin genuen hainbeste jarduera, eta gure gogoan geldituko diren hamaika gauza gehiago.

Eskerrik asko, gure familia izan zareten pertsona horiei guztiei.

Ezinezkoa da denak banan-banan izendatzea, baina izen bat aipatuz denak deskribatuko ditugu: David; gure amaren David, gure David, oraingo Goliat honen aurka. Eskerrik asko denagatik, hainbestegatik. Betirako eskertuak. Betirako gure bihotzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.