Euskararen Defentsarako Sarea

Nafarroako Gobernua: errepideetan euskaraz!

Fermin Zabaltza Aleman
2025eko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Elkarretaratzea antolatu dugu, salatzeko Nafarroako Gobernuak behin eta berriz jotzen duela euskararen kontra errepideetako seinaleetan. 2025eko maiatzaren 23an izanen da (ostirala), 12:00etan, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrean (San Ignazio etorbidea, 3).

2019. urtetik hona, Nafarroako Gobernuak oso maiz jartzen ditu errepideetako seinaleak gaztelania hutsean, baita legeak eremu euskaldun izendatutakoan ere.

Herritarrek horri buruzko kexak jartzen dituztenean Arartekoan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak aldiro erantzuten du ez dagoela behartua seinaleak ele bitan jartzera, ezta eremu euskaldunean ere, argudiatuz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epai bat eman zuela 103/2017 Foru Dekretuaren kontra (UGTk jarritako errekurtsoarengatik), eta jada ez dagoela horretara beharturik.

Horixe erantzun du Departamentuak gutxienez Q21/500, Q21/935, Q24/55 eta Q24/987 kexen aurrean. Eta Arartekoak aldiro desmuntatu dio aitzakia hori, eta juridikoki frogatu dio, aldiro, eremu euskaldunean behartua dagoela seinaleak euskaraz ere jartzera, eta Nafarroako gainerako tokietan ez dagoela inolako eragozpenik seinaleak euskaraz ere jartzeko.

Hori aski ez dela, horren gainean galdetu zaionean, Oscar Txibitek, Lurralde Kohesiorako kontseilariak, gezurra esan du Nafarroako Parlamentuan, otsailaren 4an (Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala, 2025-4-24):

Esan du errotuluak ele bitan jartzen dituela, betetzen dituela Arartekoaren gomendioak, eta ez dela egia Arartekoaren gomendio bat jaso ondoren «eremu mistoan edo eremu euskaldunean gaztelaniaz baino ez dauden kartelak jarri direnik berriro».

Hori hala baldin bada, zergatik jaso ditu Q21/500, Q21/935, Q24/55 eta Q24/987 kexak, adibidez? Kexa horiengatik kartelak ele bitan jartzeko gomendatu dio Arartekoak, aldiro. Zergatik agertzen dira gomendio horiek, Arartekoaren webgunean, «ez onartutzat»?

Q21/935, Q24/55 eta Q24/987 kexetan gomendatu dio Arartekoak Francia ele bitan jartzeko. Kontseilariak azkenik erantzun duenean (Q24/987 kexa), esan du ez duela gomendioa onartuko eta Francia bakarrik idatziko duela, nahiz eta eman duen aitzakia hirutan bederen desmuntatu dion juridikoki Arartekoak.

Q24/55 kexari erantzunez, azkenik, 2024ko ekainean, Oscar Txibitek erantzun zuen ele bitan idatziko zituela aurrerantzean seinaleak. Bada, 2024ko urrian, adibidez, berriz ere jarri zituen hainbat seinale gaztelania hutsean, Belateko tunelen lanetan. Adibide bat baino ez da. Beste adibide bat: Parlamentuan gezur horiek esan ondoren, Mendigorriko zubi baten lanetan ere seinaleak gaztelania hutsean jarri ditu 2024ko apirilean.

Horretaz gain, Departamentuak ez du betetzen 103/2017 Foru Dekretua, elebitasunaren ordenari dagokionez (euskara goian edo ezkerrean jartzeko agintzen du).

Badira adibide gehiago ere:

- N-121-A errepidean Soraurenetik Sunbillaraino egindako hobekuntzen harira (2024ko urtarrilean bukatu ziren obrak), Departamentuak Francia/Frantzia seinaleak aldatu zituen, eta kasu gehienetan Francia soilik utzi zuen. Errepidearen hobekuntza gauzatu ondoren Sunbillatik Belaterainoko tartean Iruña/Pamplona jarri zuten (lehenik euskaraz). Ba hiru hilabete beranduago, berriz aldatu zituzten bide-seinale berriak, Pamplona/Iruña jartzeko (alegia, ordena aldatzeko, 103/2017 Foru Dekretuaren kontra).

- Behin-behineko bide-seinaleak ez ditu inoiz hasieratik euskaraz ere jartzen; beti eskatu izan behar zaio, eta orduan bai, baina ez beti, aldatu ditu.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak akordio bat sinatu zuen EH Bildurekin, 2025eko aurrekontuak babestu zitzan, eta bertan hitzez hitz esaten da: «Nafarroako Gobernuak zainduko du bide-seinaleetan eta karteletan elebitasuna bermatzen dela». Eta ez da esaten soilik eremu euskaldunaz eta eremu mistoaz ari direnik.

Horrexegatik, eskatzen dugu Nafarroako errepideetako kartelak euskaraz izan daitezela, Nafarroa osoan. Ez dezatela besterik onartu Nafarroako Gobernuko bazkideek eta babesleek. Nafarroako errepideetan, euskaraz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.