Zuzendariari

Nahi eta ezina

Gaizka Arretxe Tolosa.
Beasain.
2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bada mundu honetan idazteko dohain ikaragarria duen jendea, hitzaldiak emateko erraztasun beldurgarria duena, hitza adiskide duena. Eta ni, burutik pasatzen zaidanaren laurdena ere azaltzeko gai ez naizena. Nola ordenatu ideiak, nola argitaratu… besteek esaldi hau nik bezala ulertuko al dute, ados egongo al dira ideiekin, esaten ari naizen hau ez al da ergelkeria bat? Segurtasun falta horrek sortzen didan blokeoa apurtzen saiatzen ari naiz. Zertarako? Ez dakit. Besteek bezala egiteko? Posible. Autoestimua igotzeko? Beharbada. Estilo, erritmo eta zapore gutxiko testu honen helburua idazten ari naizen honetan ari da zehazten, izaki bizidun independente baten moduan. Hori al da idaztea?

Artikulu ederrak idazten dituen jendearen funtzionatzeko era ezagutu nahi nuke. Ba al dakite besteok zenbat sufritzen dugun barrenak husteko? Egunkaria irakurtzen duten zenbati eragin dioten konplexua…

Jende normalari ideia polit bat edo esaldi sakon bat burutik pasatzen zaionean, idazteko orduan indar guztia galtzen du… lotsagarria egiten zaio idatzitakoa irakurtzea.

Mezu bat pasarazi nahiko nieke nire egoeran daudenei: animo. Hiztegi pobrea, poesia egiteko ezintasuna, besteen kontzientzia argitzeko baliorik eza eta beste pairatzen dugunok ere badugu idazteko eskubidea! Intelektualitateak duen muga zeharkaezinaren itxura hori kentzea da nire helburua. Harira: testu hau irakurtzen duen orok pentsatuko du bera ere idazteko gai dela… (gaizki, baina idazteko gai). Beraz, argitaratu, arren, guztion onerako izango da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.