Eta berriro diot, 2007ko ekainean Espainiako Estatuak atzerritarroi ematen zizkigun Nortasun Agirietako arazoak azaldu nituelako BERRIAn …
2007an nire NA berritu nuen, eta NAren izenburua Batasuneko Herritarraren Erregistratzearen Ziurtagiria da, ez DNI Extranjeros. Argazkirik gabe, gainera. Nire plastikozko NA ohiak, gutxienez, argazkia bazuen. Beraz, NA berriak ez zuen argazkirik, eta NA ohiak bai, baina NA ohia baliogabetu egin zuten. Poliziako funtzionarioari galdetu nion zer egin nire NA ohiarekin.
– Bueno, erabil dezakezu, argazkia baduelako, zure NA berriak ez bezala, baina segur aski balioa galdu duela esango dizute, eta orduan pasaportea erakuts dezakezu.
Zertarako balio du, orduan, NA berriak?
Duela gutxi, zergak ordaintzeko sistema aldatu zuen Espainiako Gobernuak, eta Bilboko Moyua plazan dagoen Ogasun Saileko egoitzara joan nintzen, Batuz agiri digitala eskatzera. Nire 2007ko NAk, bitartean, noski, balioa galdu zuen, eta inoiz ez nuen berritu (azken finean, zertarako …?).
– Ez —esan zidaten (gaztelaniaz, gainera, ni euskaraz hasi nintzen arren)—, zure NAk ez du balio agiri hau eskuratzeko, kadukatuta dago eta.
– Badakit —erantzun nien—, baina pasaportea ekarri dut, tori.
– Ez, pasaporteko zenbakia ezberdina da, eta ezin izango dizugu agiri berria eman. Ezin izango duzu agiri hau eskatu.
Han zegoen langile horri barkamena eskatu nahi nioke gutun honetan, nire onetik ez naizelako ateratzen askotan, urteak badauzkat eta, baina egun hartan bere leihatilan oihukatzen hasi nintzen:
– Barkatu, baina agiri hau ez naiz eskatzen ari, exijitzen ari naiz, NA honek azken hogei urteotan zergak behin eta berriro ordaintzeko balio badu, balio izango du zergak ordaintzeko sisteman egoteko ere, ezta? Edo, nire BEZ eta nire PFEZ zergak ezin baditut ordaindu, Espainiako Gobernuak zor hori barkatuko dit? Burutik gaude ala? Serioski? Serioski!
Langilea urduritu zen, dei batzuk egin zituen telefonoz, ez dakit nori, eta azkenik bera entzun nuen: «Vale, vale, así que el NIE no nos importa, ¿no?».
Beraz, Batuz agiria eskuratu nuen, baina langileak nire NA berritzea gomendatu zidan. Eta bai, NA berritu nuen. Argazkirik gabeko NA berriak dio: «Agiri honek ez du balio eramailearen nortasuna edo naziotasuna kreditatzeko».
Soilik zergak ordaintzeko, agian?