Hiru hilabete eskas igaro dira Ordiziako Udalak Oiangualden urbanizazio bat egiteko plan partzialaren aldaketa behin-behinean onartu zuenetik. 2008an onartutako jatorrizko plana krisiak geldiarazi zuen, eta hamazazpi urte geroago, lege epeak aspaldi gaindituta eta testuingurua guztiz aldatuta, berriro aktibatu nahi izana ulertezina da. Ez Oiangualde Stop herri plataformarentzat, ezta proiektua gelditzea eskatzeko sinatu duten ehunka herritarrentzat ere.
Proiektuak balio agroekologiko handiko lurretan luxuzko urbanizazio bakartu bat egitea aurreikusten du. Aldaketaren bidez, 54 etxebizitzatik 82ra igotzea proposatzen da, Udalaren esanetan lurra hobeto aprobetxatzeko eta etxebizitza aukera gehiago eskaintzeko. Baina horrek ez dio etxebizitza arazoari irtenbiderik ematen. Gaur egungo merkatuaren arabera, jatorrizko etxebizitzen prezioa 600.000 euro ingurukoa litzateke, eta aldaketaren ondorioz eraiki nahi direnak 400.000 euro ingurukoak. Ez bata, ez bestea, ez dira herriko gazteentzat eta baliabide urriko familientzat eskuragarriak. Aldaketa honek, beraz, ez du zerikusirik herritarren beharrekin, eraikuntza enpresak proiektua bideragarri egiteko duen interesarekin baizik.
Gainera, herrigunetik kanpoko urbanizazioek arazo larriak sortzen dituzte: azpiegitura eta zerbitzu publikoen kostuak handitu, garraio pribatua bultzatu, kutsadura areagotu eta Udalaren mugikortasun planarekin kontraesanetan sartu. Halako etxebizitza ereduek gizarte segregazioa ere areagotu dezakete, baliabide ekonomiko handikoen gune esklusiboak sortu, herriko elkarbizitza orekatua zaildu eta arrakala sozialak handitu.
Oiangualdeko lurrek balio agroekologiko ukaezina dute. Ordiziako Udalak aldarrikatzen duen elikadura burujabetza eta tokiko ekoizpen eredua aurrera eramateko ezinbesteko baliabideak dira. Beraz, onartezina da lur hauek espekulazio immobiliariorako erabiltzea. 2006ko Lurzoruari buruzko Legeak plan zaharrak eta haien aldaketak lege berrira egokitzea eskatzen du, babes ofizialeko etxebizitzak eta erabilera publikoko espazioak aurreikusiz. Proiektuak, ordea, hori ez du betetzen.
Are gehiago, 2016ko Plan Orokorraren Aurrerapenean Oiangualde jarduera ekonomikoetarako eta ekipamendu estrategikoetarako aurreikusia dago, ez etxebizitza espekulatiboetarako. Baina orain aurkeztutako aldaketak ez du plan horren norabidea errespetatzen, eta etxebizitzen kopurua ia bikoizten du inolako aurrerapen alternatiborik gabe.
Horregatik guztiagatik, Ordiziako Udalari eta ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzen diegu planaren aldaketaren aurka bozka dezatela. Ezezko bozka batek 82 etxebizitzako proiektua geldiaraziko luke, enpresa eraikitzaileak bideragarritasun eskasa duen 54 etxebizitzako proiektuarekin jarraitzeko aukera besterik ez luke izango eta udalak eta gainerako eragileek aipaturiko arrazoietan oinarrituta proiektua geldiarazteko aukera izango genuke.
Goierri Eskolarena eta La Granja inguruarena ez ezik, Ordiziaren etorkizuna ere jokoan dago. Horregatik diogu: Oiangualden ez dugu nahi ez txaletik, ez urbanizaziorik. Herri jasangarria, integratua eta orekatua nahi dugu.