EHUko klaustrokideak; testua beste 126 klaustrokidek ere sinatzen dute

Palestina: EHUko Klaustroaren gehiengoaren eskaera EHUko zuzendaritzari

Iñaki Etaio eta Igor Muñoz
2024ko martxoaren 9a
05:00
Entzun

Palestinako herriaren kontra Israelgo Estatua garatzen ari den sarraskiaren aurrean ezin gara geldirik geratu, arrangura hutsen artean. Gazako unibertsitate sistema desegin dute guztiz, eraikinak txikituta eta unibertsitateko milaka langile zein ikasle erailda edo zaurituta, eta, kasu gehien-gehienetan, etxerik gabe utzita. Edozein kasutan, Gazako akademia- eta ikerketa-sistemarekin egin dutena Gazan sortutako hondamendiaren parte txiki bat baino ez da. Gazako (eta Zisjordaniako) triskantza ezin dugu hemendik gelditu, baina gure esku dagoena bai egin dezakegu, mundu osoan zehar Palestinari elkartasuna adierazi eta sionismoaren sarraskia salatzeko egiten ari diren ekimenetara gehituta. Zentzu horretan, unibertsitate-komunitate moduan palestinar herriari egin diezaiokegun elkartasun-ekarpenik onena EHUk estatu israeldarrarekin inolako harremanik ez izatea da. 2005ean Palestinako 187 elkartek publiko egin zuten adierazpen bat non Israelgo Estatuak aplikatzen duen apartheida bukatzeko Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak kanpainan parte hartzeko deia egin zioten munduko gainerako herri eta eragileei. Palestinatik bertatik egindako nazioarteko ekimen hori kontuan hartuta, EHUko klaustrokideok, EHUko komunitatearen ordezkari garen heinean, Israelgo Estatuko erakunde, enpresa, unibertsitate eta ikerketa zentroekin EHUk harremanik ez izateko eskakizuna egiten dugu, eta horrela eskatzen diogu EHUko zuzendaritzari.

Era berean, euskal jendarteari plazaratzen diogu adierazpen hau, Palestinari begira EHUko komunitatearen ekarpen moduan.

(Loteslea ez izan arren, eskaera hau forman eta denboran aurkeztu zen otsailaren 27ko Klaustroan bozkatua izateko. Hala ere, EHUko Zuzendaritzak, araudiaren interpretazio interesatuaren bidez, aurkezteko eta eztabaidatzeko aukera eman arren, adierazpena bozkatua izatea ukatu zigun. Beraz, klaustrokideen atxikimendua banan-banan jaso behar izan genuen).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.