ZUZENDARIARI

Pasaporte-birusaren aldaera

Josu Arotzena Muxika
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Albo ondorioak badirela onartuta ere, estatistika datuetan oinarrituta, txerto kanpainen aldekoa naiz; sor dezaketen onura kaltea baino askoz altuagoa da.

Kutsadura ahuldu edota aldaerak moteldu ditzakeen neurrian, norbanako soluzio baino konpromiso sozialtzat ulertzen dut txertaketa. Hala, CureVac txertoaren ikerketan bolondres gisa aritzeak beste aukera bat denon eskura izateko desioa du niregan.

Bat egiten ez badut ere, nola txertaketa norbanako zilborrari begira eginiko ekintza dela pentsatzen duena hala ez txertatzeko erabakia hartzen duena errespetatzen saiatzen naiz. Baina COVID pasaportearen erabakiarekin ez dut bat egiten.

Mundua globalizatu zaigun/dugun neurri berean globalizatu zaizkigu gaixotasunen kutsadurak. Europatik Ameriketara eramaniko baztanga eta elgorriaren kasuak ikastolan ikasi genituen. Birusa zenbat eta traba gutxiagoz zabaldu, txertoen babesa gaindituko duen aldaerak eratzeko arrisku handiago dagoela badaki zientziak.

Irtenbideak ez al du globalizatua izan behar? Mundu mailako txertaketa masibo eta koordinatuak hamaika herrialde garatuetan hirugarren dosia jartzea baino eragin nabarmenagoa luke?

Mugaz betetako Europa ezagutu genuen, bai. Herrialde batetik bestera iragatean, pasaportea erakutsi behar genuen muga izeneko lerro artifizialean. Schengen eremuaz pasaportea erakutsi behar ez izatearen aldaera gertatu zitzaigun. Geroztik, Erresuma Batura pasaporterik gabe joateko aukera joan zaigu. Eta orain zer?

Autodeterminatzen jarraitzen dugun honetan jatetxe, ekitaldi eta hainbat aretotara sartzeko pasaportea ezarri zaigu. Nazio berriak sortu zaizkigu. Suediako enpresa batek bere publizitatean dioen ongi etorri nire jatetxeko/aretoko errepublika independentera leloari, gehitu: baina pasaporteaz. Pasaportearen aldaera honek duen benetako helburuaz galdegin diozue zuen buruei? Zein da orain polizia?

Pasaportearen aldaerak ez du birusaren aldaera arriskua geldituko, poliziak eta hirugarren dosiak ere ez. Txerto-elkartasunak gera dezake soilik, uste dut. Populazioa zenbat eta txertatuagoa izan, aldaera eta birusa desagerrarazteko aukera gehiago dagoela dio zientziak. Horretarako, tokian tokiko %100a hamaika dosiz txertatzea baino garrantzitsuagoa da herrialde arteko desoreka ahalik eta murritzena izatea.

Beraz, herrialde desberdinetako aurrekontuak negoziatu eta erabakitzen ari garen unean, ba al dugu elkartasun politika komunitarioa egiteko gaitasunik? Ba al da mundu mailako erabakiak hartzeko aldaeraren alde egiteko ausardiarik? Ala tokian tokiko LABI politikoen zilborrari begira, gaixorik dagoen gizartearen desagerraraztea noiz gertatu zain geratuko gara? Pasaportearen aldaera baino politiken aldaera eraginkorragoa izango delakoan, txertatze-elkartasun gehiago eta polizia gutxiago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.