Gurean beti esan diogu jolastokia espazioari, eta jolasaldia denbora tarteari. Horregatik sekula ez dit ondo egin belarrira patio berbak. Ez daukat ahazteko Iraleko nire irakasle eta laguna den Anek eskoletako «patio-ordua»-ren aipamenen bat agertzen zen bakoitzean nola esaten zuen: «Patioa, etxe barruan! Arropa eskegitzeko edota geranioekin apaintzeko!».
Bada, aspaldian, gero eta gehiagotan entzuten ditut atsedenaldi honi erreferentzia egiteko patioa, patio-ordua edota patio-zaintza moduko berbak irakaskuntza-munduan. Inoiz pentsatu izan dut hiriguneetako kontua izan zitekeela, ez dakit zergatik, hirietako ikastetxeetako jolastoki batzuk hormaz inguratuta egon daitezkeelako edo... auskalo!
Kontua da uste dudala irakaskuntzan orokortzen ari den kontzeptua dela, alegia, ikastetxe gehienetan jolasaldiari edo atsedenaldiari «patio-ordua» deitzen zaiola eta jolastokiari, patioa. Eta ez da hiriguneetako kontua, landa-inguru euskaldun petoan kokatutako ikastetxeetako irakasleen ahoetatik ere hitz hauek entzunak ditut, eta aitortu behar dut: honek azkura sortu dit.
Beraz, hiztegira jo dut. Lehenengo eta behin, Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan egin dut kontsulta, hauxe hiztegi honek ematen duen definizioa: «Espainiako etxe berezi batzuetako barne barruti ez-estalia»; Harluxet hiztegi entziklopedikoan begiratu dut gero: «Eraikin baten barruan pareta edo galeriaz itxitako espazioa, normalean estali gabea». Kuriositateak RAEn ere kontsulta egitera eraman nau, eta hiztegi honetan ere ez dut aurkitu jolastokiarekin zerikusirik duen definiziorik.
Zer iruditzen zaizue eskola-orduetako atsedenaldian, jolastokian, hormen mugarik gabe, ahal dela, ahalik eta askeen jolasten bagara?