ZUZENDARIARI

PPNren gezur batzuk

Auritz
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Orain dela egun gutxi, Whatsappen bidez, Nafarroako PPren bideo bat iritsi zitzaidan, non gezur mordo bat entzuten den. Hona hemen esaten dituzten gauzak:

1-. 2015az geroztik Nafarroako Foru Gobernua ezker abertzalearen eskuetan dagoela. Neronek nahiago nuke horrela balitz, baina, egia esan, orain arte ez nekien Geroa Bai, Ahal Dugu eta Nafarroako Ezker Batua ezker abertzalearen sinonimo zirela; zer mauka niretzat!

2-. Ezker abertzalearen helmuga Nafarroa desagertzea dela. Ba, nik uste nuen Nafarroako Erresuma Frantzia eta Espainiako estatuen artean desagerrarazi zutela duela hainbat mende, ezker abertzalea oraindik existitzen ez zenean.

3-. Ezker abertzalea inposatzen ari dela «batasunizazio» prozesu bat, bide orri argi batekin.

Bai bitxia! Eta ezker abertzalekoakgarenok ohartu ere ez! Gainera, ez dakit zer «batasunizazio» prozesu izanen ote den hori, Herri Batasuna alderdi politikoa aspaldian desagerrarazi zuten-eta.

Bide orria:

1-. Euskara inposatzea.

Neronek nahiago nuke hala balitz, nahiz eta badakidan belarrietara itsusi samar ematen duela «inposatze» horrek, baina bi Nafarroetan eta Euskal Herri osoan, euskal abertzaleon zoritxarrerako, errealitate bakarra da, oso aspalditik, hemen inposatzen diren hizkuntza bakarrak kanpoko hizkuntzak direla, hau da, frantsesa eta espainiera.

2-. Ikurrinaren inposatzea.

Ba, Nafarroa Garai osoan, udaletxe guztietan eta instituzio orotan hainbat bandera ikusten dira, baina ikurrina ez modu iraunkorrean behinik behin.

3-. EAEri anexionatzearen inposaketa.

Niregatik, hobeki horrela balitz, baina, zorigaitzez, Frantziako eta Espainiako estatuen morrontzapean oso ongi kateaturik gauzkate aspalditik.

PPNk bukatzen du bideo hori aipatuz asko direla nafar espainiarrak sentitzen direnak; egia da. Baina nafarrak eta Espainiako erregimen ez zaleak garenok ere ez gara gutxiago.

Osasuna Ana Beltranentzat!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.