Leaburu

Pribilegioa da

Nora Uribe Iribar
2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Unibertsitateek ireki dituzte, edo itxi, urtero legez, gazteen etorkizuneko ateak. Izan berri dira Euskal Herriko Unibertsitateko ate irekiak, data hauetan dagoeneko tradizio bilakatu diren erromesaldiak. Iritsi dira, halaber, hauekin batera, denboralditxo batean etengabe, joaten zaren lekura joanda, zaudenarekin zaudela, entzun beharreko galderak: Zer ikasiko duzu? Non ikasiko duzu? Nota altua behar al da horretarako? Mozorroak denak, haien atzean ezkutatzen diren galdera potoloago batzuen eufemismoak: Nolakoa nahi duzu izatea zure bizitza hurrengo 50 urteetan? Zein izan nahi duzu ile urdinak zure buruaren jabe egiten direnean? Atzera bueltarik gabea dirudien erabakia, bizitzan behin eta betirako hartu beharrekoa. Eta bada, gai eta galdera hauekin batera behin eta berriz errepikatzen den hitz bat: bokazioa.

Txikitatik esaten digute zer izan nahi dugun, edo izan behar dugun, handitan. Pozik jarriko dira mediku izan nahi duela esaten duen haurtxoaren gurasoak; denborarekin urak bere onera etorriko direla pentsatuko dute, ordea, kutxazain izan nahi duen mutikoaren gurasoek. Badirudi txikitatik garbi izan behar dugula zer izan nahi dugun handitan. Badirudi bokazioa jaiotzetiko ezaugarri bat dela, gure baitan datzana, aldaezina eta betierekoa. Zer izan nahi duen ez dakien horren garapenean zerbait arraroa jazo da, zerbaitek huts egin du. Eta orain ohartu naiz, ni neu ere izan aditza erabiltzen ari naizela etengabe, gure ogibideak gure izatea definituko balu bezala.

Bere baitan bokazioaren oihua entzuten ez duena ere arraro sentituko da askotan, zerbaitek huts egingo balu bezala, eta, batez ere, presionatuta sentituko da. Egunero egiten dioten galderari erantzun nahiko lioke; medikuntza, historia, biologia edo logopedia ikasi nahi duela esan nahiko lioke igogailuan eguraldiaz baino etorkizunaz hitz egitea nahiago izan duen bizilagunari. Gizarteari erantzun bat eman nahiko lioke.

Ez pentsa, ordea, bokaziodunak dena egina duenik. «Horrek ez du etorkizunik»; «irakasle izan, zertarako? Ez da eta haurrik jaiotzen»; «soldata negargarria izango duzu»; «ADEk irteera gehiago ditu»; edo nire gustukoena: «hori ikasita nire lagun arkitektoak eraikiko duen zubi azpian biziko zara», esaldi ziztrina bezain klasista. Eta bere bokazioa lan-bokazional bilakatzeko ilusioz beteta dagoen gazteak erantzungo dio, agian, kritikoari. Esango dio inork ez diola bere iritzia eskatu, eta bere frustrazio pertsonalen soluzioa ez dela beste batzuk frustratzea.

Bokazioa ez da, baina, aldaezina. Bokazioa aldakorra da eta gutxien espero denean, gutxien espero den momentuan eta lekuan, ustekabean, ezerezetik ager daiteke. Eta sor daitekeen bezala, iraungi daiteke, ezkutatu, amaitu. Bokazioa betiereko izan daiteke, edo ez. Bokazioa galduko du lan-baldintzak okertu zaizkion eta lan-kargagatik itota dagoen medikuak edo erizainak; bokazioa galduko du gizarte honek kulturari egiten dion gutxiespenaz jabetu den idazleak; eta bokazioa galduko du poltsikoan duen dirua ikustean bere bizia arriskuan jarri duen gerra-kazetariak.

Eta lerro ezkor hauen atzean, makurra dirudien panorama honen atzean, ez gara ohartzen, izatez, pribilegio bat dagoenik. Bokazioa edo bokazioa izateko aukera izatea pribilegioa da. XXI. mendeko lehen munduko gizaki autoizendatzen garenon milioika pribilegioetako beste bat. Amonari ez zion inork galdetu zer izan nahi zuen, zer ikasi nahi zuen, zer nota behar zuen edota ikasi nahi zuen horrek zer irteera zituen. Pasa den astean ate irekietara joan zen gaztearen adin berekoa den kamioi azpian etorri zen migratzaileari ere ez. Gaur goizean Gazan jaio den neskatoari ere bokaziorako aukera ukatuko zaio, ukatu zaio jada. Bizirik irautea izango du bokazio, eta handitan, gizaki izan nahiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.