Zuzendariari
Selektibitatea
EHUk selektibitateko kimikako azterketan gertatutakoaz idazten dizuet. Gaizki itzulitako galdera ez zaie kontuan hartuko B aukera egin zutenei eta galdera horren zuzenketak azken emaitza txartzen dienei. Neurri hori euskaraz nahiz gaztelaniaz egin zutenekin hartuko da. Nire ustez, neurria ez da bidezkoa. B aukeran galdera bat txarto egoteak ez duelako bakarrik B aukera baldintzatzen, baizik eta azterketa osoa. Nire kasuan A aukerarekin hasi nintzen eta, «ez ohiko» izenaz katalogatu duten galdera hori zela eta, B aukerara pasatu nintzen. B aukera oker zegoenez eta nerbioak jota, A aukera egiten hasi nintzen berriro. Azkenean, A aukera entregatu nuen. Baina B galdera oker egoteak kalte egin zidan. Denbora galtzea eta urduriago jartzea eragin zidan. Baina EHUk hartu duen neurriak, gu kontuan ez hartzeaz aparte, kalte gehiago egiten digu. Nire karrera bera egin nahi duen batek askoz nota hobea izango baitu B aukera hartzeko zoria izan zuelako, adibidez. Horretaz aparte, oso sumingarria zaigu zera entzuteak, B aukera gaztelaniaz hartu zutenei neurri bera aplikatuko zaiela desberdintasunik ez dadin sortu. Izan ere, gaztelaniaz egin zuen ikasleak guztiz zuzen zeuden bi aukera izan baitzituen egiteko eta neurri honekin ez baitzaio euskaraz egin zutenekin berdintzen. Honek azterketa euskaraz egin zutenenganako diskriminazio handia dakar. Ikaragarrizko garrantzia duen azteketa honetan egin den akatsak sartzeko nota altua behar den karreretako ateak itxiko dizkie ni bezalako hainbat ikasleri. Eta EHUk hartu duen neurria guztiz bidegabea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu