Arrigorriaga

Tarsilaz

Eider Santisteban Mendizabal
2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Astearte arrastian, trenez egin genuen herritik Bilbora, Abandoko geltokira. Handik transbordoa tranbia hartuta, Abandoibarrako ertzera. Bidaia laburra. Bada, tartean, Bizkaiko herriren bateko euskara zerien emakumeen kuadrillatxo batek laguntza eskatu zigun: lagunari bisita egiteko geralekurik onena zein ote zen argitzeko. Ez dute duda-mudakorik egin: lehen hitza euskaraz ezarri zuten.

Tranbiako ateak ireki, eta ttapa-ttapa jo genuen titaniozko lerro-makurreko museotzarrera. Bisita egin genion Tarsilari. Haren artelanak ikusi eta seme-alabek irri-mirri egin zuten. «Zer hanka luzeak dituen!», «zein marrazki bitxia!», «kolore bizi-biziak erabili ditu!, super politak dira!». Landare haragitsuak eta paisaia naturalistak nagusi museoko pareta zurietan. Tarsila do Amaralek ez zuen atzerriko kulturarik eta kultura kolonizatzailerik behar punta-puntako obra basak osatzeko. Portugaldarrek Brasilgo oihana aurkitu baino lehen, brasildarrek bazuten zorionaren berri.

Etxerako itzulia oinez egin genuen, Bilboko arteria nagusitik behera: munduko saltoki ezagunenak lerro-lerro. Erakusleihoetako hizkuntza-paisaian euskara dager (gaitz erdi!, eskuak zuritzeko bada bederen). Kale Nagusian gora eta behera ingelesak (futbolzaleak eta gizon-gizonak, gehienak) nonahi. Geldialditxoa egin genuen txokolatezko palmera gozoa erosteko. Hona gozotegiko elkarrizketa gurutzatuak: gure aurretik hawaiiar estiloko alkandoradunak «txokolatezko palmera bat, mesedez/ Eramateko?/ Ez, oraintxe jango dut/ Hartu hemendik, le cobra mi compañera./ ¡Siguiente!/ Arratsalde on, niri ere txokolatezko palmera bat, mesedez/ Tori! Le cobra mi…». «Eskerrik asko» erantzun nion, amaitzen utzi gabe. Laneko uniformeak uniformatu egiten ditu inertzia linguistikoak: euskaraz hasi, espainolera mudatu, zalantzarik ez egin… Nire atzetik zetorrenak ez zuen estresik agertu gurinezko opila espainolez eskatzeko. Ahobizi txapa paparrean jantzita zeraman, baina ez zen ohartu elkarrizketa hartako auziaz eta gorabeherez. Inertzia orokorrak lerratu zuen okerrera: «un bollo de mantequilla, por favor» esan zion euskaldun hutsa zen gozotegiko langileari.

Euskararenak ez dakit, baina gureak bai, gureak egin du! Irratian, telebistan, kaleko apaingarri efimeroetan futbola ageri da nonahi. Alfonbra gorria eta leuna ezarri zaio Bilboko kaleetara datorren atzerritar kolonoari. Follow! Follow! ageri da zale hordientzako atondutako guneetan. Dirutza xahutu da makroantolaketan.

Tarsilaren margolanek mugimendu antropofagoa iradokitzen zuen: Brasilgo garai kolonialaren aurretikoa, hizkuntza moderno batekin berreraikitzekoa. Gurean, nork harrotuko du euskararen eta euskal kulturaren egarria? Euskara egon dago punta-puntako eszenatokietan, baina ez euskaldunon ahoetan. Sorionekuak omen gara, zori-onekoak ez ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.