Azken asteburu honetan hilerriak lorez beteko ziren, seguruenik. Ez dakit, ez bainaiz joan izan, baina horrela dela barrundatzen dut. Hala ere, akaso ez dira hilerriak bakarrik lorez bete izan, baita errepide batzuetako kurbak eta mendi tontor batzuk ere. Bigarrenak ez dit grazia askorik egiten. Iruditzen zait mendiak hilerri bihurtzen gabiltzala eta publikoa dena, gutxinaka, pribatizatzen. Autza, Legate, Alkaxuri.. zerrenda luzeagoa da, batzuk aipatzearren, baina horietan denetan bada norbaiten edo batzuen omenezko inskripziorik. Baten batek esan dezake betidanik egin izan dela, eta akaso bere iritzia sostengatzeko hor jarriko ditu ermitak, edo askoz zaharragokoak diren mairu-baratzak. Izan daiteke, bai, baina edozein kasutan anonimoak lirateke horiek, ez gaur egunean ezartzen ditugun plakak bezala. Kuriosoa ere bada, beste alde batetik, oroitarri horietako askok lauburu edo eguzki-loreak dituztela, joandako —ahaztutako— erlijio paganoak gurera ekarriz. Halako sinesmenak mantendu izan dituzten munduko txokoetan ez dituzte euren lapidak tontorretan jartzen, mendiak jainkoen bizileku baitira eta gu, gizatiarrok, ez baikaude haien pare. Anbotoko edo Txindokiko damari, Mariri, ez dut uste grazia askorik egingo liokeenik bere etxea okupatuta ikusteak.
Akaso hemendik berrehun urtera, ahazten gaituztenean, orduan biziko direnek garbituko dituzte tontorrak. Bitartean, guk, txorizo eta york urdaiazpiko bokatari atxikia ematen dihardugula hildako horien omenezko plakak ikusten jarraituko dugu. Hala ere, komeniko zen hau arautzea, ez ditzagun mendi gainak hilerri bihurtu.