ZUZENDARIARI

Txoriei mintzo diren irakasleak

2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Goizeko 07:30ak dira ikastolan sartu naizenean. Gure ikasketaburua txoko batean datza makurturik, kezka aurpegiz eta esku artean tentu handiz zerbaiti eusten diola. Txori txiki bat da, zozoa, zehazki. Animaliatxoa makal-makal dago, ez da mugitzen, eta, lurrean pausatzen duen bakoitzean, ahalegina egin eta alboz erortzen da, erabat indarge. «Ez dauka itxura onik», pentsatu dut. «Utzi bazter batean, naturak bete dezala bere funtzioa», nik. Duda-mudatan dago ikasketaburua, lagundu ez lagundu, saiatu edo hiltzen utzi. «Ez», berak. Erabakia hartu du, ez da atzera-bueltarik: borrokarako prest dago.

Halakoxeak izan ohi dira irakasleon dilemak. Zer egin zailtasun bereziak dituen ikaslearekin? Zer lehenetsi, taldea edo norbanakoa? Lan-hitzarmen batek esaten duena bete edo hortik haratago inplikatu? Normala denez, ahots ezberdinak agertu dira gure artean: «Hau lerdo taldea, txori batengatik halako zirkua egiten» edo «Ekarri hona txoria, nik emango diot merezi duen akabera; lepoa bihurritu eta akabo sufrimendua!». Finean, txori ziztrin bat besterik ez da, kategoria berezikoa edo babestu beharrekoa ez dena. Gainera, begien bistakoa da, bere indar guztiekin saiatuta ere, ez duela lortuko aurrera egitea. Hortaz, zergatik galdu horretan gure denbora preziatua?

«Zentzune, etxean entzune», bota du gure PTak, ikasleak babesten ohitua. Irribarreak nagusitu dira gure artean. Bai, badakigu etxe honetan zentzuak duen esanahia. Berehala martxan jarri da irakasle taldea, eta, beste ardurarik izango ez bagenu legez, amen batean biltzar txikia antolatu eta lanari ekin diogu: habia egiteko kartoizko kaxa, ogi-mami pusketak, ura, belar-txorta... baita hurbileneko albaitariari eta hegaztien babeserako erakunde bati deitu ere. Are gehiago, bada txoria ikasgelara eraman duenik, ikasleak kontzientziatzeko edo.

Azkenerako, zehaztu ezinezko emaitza: egun osoa txori bati emana, txori bakar bati eskainia. Zenbat denbora galdu dugu, zenbat esfortzu, alferrikako lana egiteagatik zentzugabekeriaren sentipena gorputzean dugularik. Tira, bizirik mantendu eta txorien babeslekutik bere bila etor daitezen lortu dugu. Geroztik, ez dugu haren berririk izan. Bizi da? Zerbaitetarako balio izan du? Bai, noski. Izan ere, ikasle orok merezi badu gure onena, are gehiago ikasle zaurgarrienek: maila sozioekonomiko baxukoek, gure hizkuntzaren ezagutzarik ez dutenek, heldu berriek, gatazkatsuek, dibertsitate funtzionala dutenek... baita itxurazko normaltasunaren atzean ezkutatu arren gure arreta eta laguntza behar duten guztiek ere. Azken batean, ikasleak dira irakasleon izatearen arrazoia.

Eguna amaitzera doa. Zintzoki saiatu gara, eta gure lanak zinez merezi duela pentsatzen joan gara etxera, deskantsu bila, hurrengo egunari ekiteko gogoz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.