Zorte txarrekoa ni! Urte guztian inurri lanak egiten, txintxo-txintxo, eta ekaitzak harrapatu.
Urteko 365 egunetan behar bezala «etxe-txokoak» txukuntzen eta banatzen (papera, beira, plastikoa, olioa, organikoa, errefusa…). Gero eta gehiago ibili behar osasunerako. Lehen, etxetik bertan neuzkan zabor ontziak; gero, kilometro erdira. Orain, berriz, gertuenak kilometro batera edo bi aldapa zahar igo behar.
Ibiltzeko behar direnak eta aterkiarenak kontuan, errefusa bakarrik ateratzea erabaki. Txiki-txikia! Birziklatzen dugunok badakigu ia ez dela ezer biltzen. Ba to! Autoen matrikulak ikusteko kamerak harrapatu. Urte guztiko lanak ez! Egun horretakoa. Mea culpa.
Zergatik gertatu den hori? Nire inguruan zeuden hiru zabor puntu kendu dituztelako. Zerbitzuak murriztu eta zergak igo. Zergatik ez dituzte Lazkaon bezala zabor ontziak txiparekin jartzen, eta ondo egiten duena saritu? Ez dute gehiago birziklatzeko apusturik egiten. Ez dituzte gaikako edukiontzi gehiago jarri badaezpada ere. Ez dira joan arrandegietara organikoen poltsak eskainiz, ez eta barazki dendetara… Garai batean, taberna barruraino etortzen ziren botilak eramatera; betidanik gizon bat ezagutu dugu bere bizikletarekin kartoiak jasotzen, ogi zaharra baserritarrari eramaten zitzaion… Orain, a pasar por el aro, eta, gainera, mehatxuka.
Beasain herri txikia izanik, esan, errauskailuaren kontra dauden zinegotzi eta zinegotzi ohi batzuen familiek ez dutela birziklatzen, eta birziklatzen dugunoi egurra! Oso ondo. Zuek segitu horrela.
Zuzendariari
Zaborrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu