Berehala eman zuten abisua BECen zeudenek, aginte makila gure herriari eskaini zeniola. Poza, zirrara eta malkoren batzuk, zuzenean zein irrati edo telebistaz agurra jarraitu zutenengan. Hunkituta eta harro gaude, Ondarroarekin inolako loturarik ez duen batek, txapeldun batek, holako momentuan gure herriari ere leku egin izanaz.
Hala da, Arkaitz, botoek aitortu ez dietenen eskuan da gure herriko aginte makila. Horregatik lotu gintzaizkion intsumisioari. Sei urte dira 200en bat familiak udalari zergak ordaintzen ez dizkiogula, eta hala jarraituko dugu udal hori ondarroarrok aukeratu duguna ez den artean. Aldiz, Ondarroako Udaletik zein Bizkaiko Ogasunetik hamaika izan dira gure jarrera honetan etsi dezagun egin dituzten saioak. Azkena, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergotik; prest omen dago 200 familiari ura mozteko. Horraino heldu da EAJ Alderdien Legearen ingurumarian.
Mehatxu hori ez dugu gutxietsiko, baina errieik ere ez dugu emango. Ez dira errie emateko garaiak. Ez gaitezen erratu; aukeratu dugun bideak antolakuntza eta borroka eskatzen segitzen du, eta bidea eginez joango gara bidean aurrera. Bidea Maltzagakoa da, ez Ondarroakoa, abestu zenuen, Bizkaiko Kultura diputatuaren aurrean. Ez dirudi ikasgairik atera dutenik. Maltzagarainoko bidea egiteko prest direnekin Gernikan baino gehiago, Madrilen Zapatero eta Rubalcabarekin akordio etengabe eta erabatekoan aurkitu dute posizioa.
Arkaitz, Ondarroan beste txapel bat irabazi duzu. Izango dugu aukera buru gainean jartzeko.
Zuzendariari
Zorionak eta eskerrik asko, Arkaitz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu