Zuzendariari
Amin Maaloufen gizartea
Amin Maalouf idazlearen liburuetako bat irakurri berri dut, Munduaren desoreka deiturikoa, eta liburu oso interesgarria iruditu zait. Bi zibilizazioen arteko talka lantzen du, ekialdekoa eta mendebaldekoa, sortutako gatazkak maisutasunez azalduz. Alde batetik, mendebaldeko zibilizazioa, bi ideien artean zabuka mugitu da historian zehar; batetik, mundua zibilizatzeko gogoa genuke, eta, bestetik, guztiz kontrajarria den nahia, menderatzailerik gosetienena hain zuzen. Ekialdekoak, aldiz, etsipena du nagusi. Aro loriatsua bizi izan zuten aspaldi, Nasserren agintaldian batez ere, baina ondoren, gainbehera baino ez dute ikusi. Egungo islam politizatu eta desitxuratua eldarniozko giltza bilakatu da. Autorearen ustez, egoera latz honi aurre egiteko, eraikiko dugun gizarte eraberrituan, kulturak eduki beharko luke lehentasuna: kulturen arteko ezagutza bermatzea litzateke xedea, hezkuntza eta literatura izanik ezagutza honen bitartekari nagusi. Hezkuntzaren bitartez alde publikoa landuko genuke, eta literaturaren bitartez, aldiz, barne mundua: intimitatea, azturak, ardurak, pozak… Gizarte berri bat antolatu behar da, identitateak, gorrotoak, aurreiritziak… alde batera utziz, eta, egungo egoerara moldatutako beste batzuk asmatuta, oinarrizko baloreen unibertsaltasuna, kultur adierazpenen aniztasuna, elkartasun aktiboa, elkarrekiko errespetua, duintasun partekatua zein minorien babesa izanik lortu beharreko helburuak. Berak dioen bezala, egoera oso larria da, eta, guztion laguntza beharko dugu amesgaiztoari buelta emateko, ezin baikara itzulinguruka ibili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu