Euskaraz bizitzeko behar den dena eraikitzeko lehen urratsa egin dute milaka euskaltzalek Iruñean
Milaka ahots elkartu dira gaur Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean antolatutako martxan, 'Euskaraz bizitzeko behar den dena' lelopean. 17:10ean abiatu dira hiru zutabeak, eta 18:00etan egin dute amaiera ekitaldia, Gazteluko plazan.
Euskalgintzaren Kontseiluaren deiari erantzunez, Euskaltzaleon Martxa egin dute gaur milaka lagunek Iruñean, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean. 17:10ean abiatu dira zutabeak: Askatasunaren plazatik, Antoniutti parketik eta Runa parketik; amaiera ekitaldia, berriz, Gazteluko plazan egin dute, 18:00etan. Halere, euskaltzaleen aldarriek goizean goizetik blaitu dituzte hiriko kaleak, lehen ekitaldia 11:00etan hasi baita.
Kronika. Irakurri hemen BERRIAko Arantxa Iraola kazetariak Antoniutti parketik abiatutako zutabeari buruz idatzitako kronika:
Jauzia hizkuntza politiketan: «Lidergo instituzional ausarta behar dugu».
Kronika. Irakurri hemen BERRIAko Joxerra Senar kazetariak Askatasunaren plazatik abiatutako zutabeari buruz idatzitako kronika:
Euskaltzaletasuna: plaza digitalean ere tokia hartzeko deia eta elkarrekin aritzekoa.
Kronika. Irakurri hemen BERRIAko Ion Orzaiz kazetariak Runa parketik abiatutako zutabeari buruz idatzitako kronika:
Ofizialtasun osoa: azterketak (eta behar den dena) euskaraz izateko erronka.
Amaitu da ekitaldia. Eskisabelen hitzartzearen ondoren, amaitu da Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako ekitaldia. Berotik ihesi, itzaletan hartu dute babes batzuek, eta dantzan jarraitzen dute besteek, festa giro ederrean.
Animatu da jende gehiago, festa giro ederrean.
Bukatu da hitzaldi nagusia. Plazari bira emanda, dantzan jarri nahi dute jendea, eta batzuk hasi dira animatzen.
Hitzaldi nagusia: Eskisabel: «Eta hirugarren zutabea: euskaltzaletasuna. Esan genuen abenduan Bilbon, eta gaur berretsiko dugu Iruñean: euskarak Pizkunde berri bat izango badu, euskaltzaletasunean dago giltza. Iraganetik horixe ikasi dugu».
Hitzaldi nagusia. Eskisabel: «Euskaraz bizitzeko behar den dena osatzeko bide horretan, ofizialtasuna da ezinbesteko beste zutabe bat. Ofizialtasun osoa euskararentzat, Euskal Herri osoan. Arkitektura juridiko berri bat. Izan ere, ofizialtasuna da hizkuntza baten aldeko politika publikoak iraunkorki eta bermez egiteko modu bakarra. Zoritxarrez, nor izatearen gutxieneko estatus hori ukatua du euskarak Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa gehienean; are, ofiziala den eremuan, Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako zati batean, desofizializazio prozesu larria gertatzen ari da jada luze jotzen ari den oldarraldi antolatuaren ondorioz».
Hitzaldi nagusia. Eskisabel: «Hona Euskal Herriari, euskal gizarteari, proposatzen diogun erronka: irabaz ditzagun 300.000 hiztun 10 urtean. Hau da, bikoiztu dezagun egungo euskalduntze erritmoa. Era berean, gainditu dezagun %20ko erabilera langa. Gizarte erronka bat da. Erronka denez anbiziotsua, baina, aldi berean, egingarria. Eta gizarte osoari eskaintzen digu parte izateko aukera, gonbidapena: erakunde, gobernu eta indar politikoei helburu horietara bideratutako politika publikoak eginez, hizkuntza-politiketarako baliabideak %0,45etik %2ra handituz, ofizialtasun osorako urratsak eginez».
Hitzartze nagusia. Eskisabel: «Azken hamarkadak aurrerapen hamarkadak izan dira euskararentzat. Baina ez da aski. Zoritxarrez, datu eta joera soziolinguistikoek, proiekzioek, prozesu hori asko moteldu dela erakusten dute; are, etena gertatzeko eta atzera egiteko arriskua handia dela. [...] Horregatik, euskarak etorkizuna izango badu, datozen hamarkadetan hizkuntza bizi eta noranahiko izaten segituko badu, jauzi bat ezinbestekoa da hizkuntza-politiketan. Paradigma aldaketa bat. Minorientzako hizkuntza-politikak atzean utzi, eta ezagutza orokortzea eta normal erabiltzeko egiazko baldintzak ekarriko dituzten hizkuntza-politika anbiziotsu eta ausartak behar dira».
Hitzaldi nagusia. Eskisabel: «Poztu eta harrotzeak ez du esan nahi egoeraren larriaz jabetzen ez garenik. Larrialdi linguistikoan jarraitzen du euskarak, larrialdi linguistikoan euskal hiztun komunitateak. Euskararen etorkizuna jokoan dago. Horregatik elkartu gara gaur Iruñean: euskaraz bizitzeko behar den dena eskatzeko, euskaraz behar den dena eratzen hasteko».
Hitzaldi nagusia. Eskisabel: «Duela sei hilabete, 2025eko abenduaren 27an, Bilbo izan genuen elkargune. Neguko solstizio betean ginenez, eguna labur eta gaua luze, Miribilla kirolguneko aterpean batu ginen milaka euskaltzale, eta euskarari pizkunde berri bat emateko prest geundela esan genion elkarri. Lehen txinparta bat piztu genuen. Orain, udako solstizioa hurreratzen, bestelakoa dugu aldartea: kalera atera gara, euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatu eta eskatzera ez ezik, harro gaudela esatera, ospatzekorik ere badugula adieraztera».
Hitzaldi nagusia. Eskisabelek eskerrak eman dizkie Iruñera bildu diren guztiei, eta nabarmendu du Iruñea euskaltzaleon «hiri buruzagia» bihurtu dela gaur.

Hastear da Idurre Eskisabelen hitzaldia, atzean izango ditu Euskalgintzaren Kontseiluko gainerako ordezkariak.
Gazte Euskaltzaleen Sarea. Hitza hartu dute: «Euskarak guztiok behar gaitu, eta guztiok gara euskarara ongi etorriak». Euskararen aurkako oldarraldia salatu dute, eta azpimarratu hizkuntza eskubidearen aurka jarduten dutenen helburua «euskaldunon kultura itotzea» dela. «Gazteok pizgarri gara euskararen pizkunde honetan», gehitu dute.