Ostirala zen, haragizko plazen beharra sentiarazi zidan laguna zetorkidan berriro bisitan asteburuan, eta leku egin nion, atzeratutako lanaren zama alde batera lagata, pozari eta irrikari, zer egingo genuen hemen, zer ekarriko zidan berri. Zain nengoen, unea noiz iritsiko zain, eta burua ezertan jarri ezinda, irakurtzen entretenitu nintzen, hemendik aurrera irakurriko ez ditudan liburuen zerrenda egiten hasi beharko dudala esanez neure buruari.
Neuretzat idatzitako izenburua aurkitu nuen BERRIAko kultura orrietan: Alegrantzia moduko hori. Gorka Erostarbek idazten zuen, Landakandari eskainitako biografia aurkeztu zutela-eta, nola geratu den bere gogoan trikitia, Egañazpi, Maurizia, Iturbide edo Landakanda kantuan hasi orduko sentitzen duen alegrantzia moduko hori. Eta barruraino sartu zitzaidan irakurritakoa. Juan Carlos Perezen kantu bati esker jakin nuen zein ziren Sakabi eta Egañazpi. Diskoa erosi nuen gero, baina gurasoen etxean utzi nuenez ezin dut entzun, urruti nire menditik. Aitzinamenduak galduko duela mundua esan omen zuen azkoitiar batek, baina nahi duena, youtuben dago! Kantuan hasi nintzen, landakandatuta.
Alegrantzia moduko hori sentitu nuen, urruti nire menditik.
Jira
Alegrantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu