Astelehenean, Budapesteko Szent Istvan plazan, neska talde bat zebilen —haietako bi eskutik helduta—, euskaldunak izan zitezkeenak, gaztelaniaz eta nahikoa ozen ari zirelako, hainbeste non, gertu ez banengoen ere, entzun ahal izan bainuen nola batek besteei galdetu zien ea atxilotuko zuten Hungarian hori debekatuta egonik. Nire ondoan zihoan mutilak eskutik heldu zidan orduantxe, akaso neskek pentsa zezaten herri segurua zela eta, ez balitz ere, ez dela beldurrik ukan behar hori egin edo izateagatik.
Baina normala da beldurra izatea (ez genuen eskutik helduta luze iraun) eta ez da hain urrutira joan behar halakorik sentitzeko. Algortako plaza bateko terrazan gay bat iraindu dute eta erasoa jo diote. Homofobiak baditu milaka aurpegi, baina guztietan bortitzena, eraso fisikoarena, gero eta maizago erakusten ari da.
Irainetik indarra atera du beti LGTB kolektiboak. Irlandan maiatzean erreferenduma dute homosexualen ezkontza eta adopzioa onartu ala ez. Gay jendeak minbizia izateko aukera gehiago duela, eta halako argudioak inprimatuta agertzen ari dira. Dublingo paper denda batek horiek bildu eta gay ezkontzetarako konfeti bihurtzea erabaki du.
Erasoekin konfetien irtenbideak zailagoa ematen du, baina. Eten puntuak.

JIRA
Konfeti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu