Hasi da aurtengo traineru denboraldia, eta BERRIAk bilduma bat osatu du arraunean erabiltzen diren hitzik esanguratsuenekin. Askotan erdarazko hiztegira jo izan da arraunaz hitz egiteko, baina euskarak ere hiztegi zabala dauka arlo horretan.
Bideoan branka-tik hasi eta popa-rainoko hitzak aurki ditzakegu. Lehena, esaterako, ontziaren aurreko aldeari dagokio. Bigarrena, berriz, patroia aritzen den lekua izendatzeko erabiltzen da, ontziaren atzeko aldea, hain zuzen ere.
Arraunaren inguruko hiztegiak bilakaera nabarmena izan du urteek aurrera egin ahala, baina, hiztegia ez ezik, kirola bera ere asko aldatu da.
Gaur egun, bi arraunketa mota nagusi daude: eserleku finkokoa eta mugikorrekoa. Azken mota hori ez dago noranzko aldaketak egiteko diseinatuta; ondorioz, ur bareetan bakarrik erabiltzen da, hau da, ibaietan eta aintziretan. Eserleku finkoa dutenak, aldiz, edozein uretan nabigatzeko diseinatuta daude. Halakoak erabiltzen dira traineru estropadetan lehiatzeko, eta garai bateko arrantzontzietan dute jatorria. Hamahiru arraunlarik eta patroi batek osatzen dituzte taldeak.
Uda iristearekin batera, martxan da jada arraun denboraldia. Joan den asteburuan ekin zioten sasoiari lehen mailako taldeek. Gizonezkoen Euskolabel ligan, Orio izan zen garaile larunbatean, eta Donostiarra igandean. Emakumezkoen Euskotren ligan, berriz, Arraun Lagunak taldeak irabazi zuen larunbatean, eta Oriok igandean.
Ikusi gehiago:Zinemaldia, uztailean