Saskibaloi jokalaria

Maria Asurmendi: «20 urteotatik, Iruñeko bi taldeekin lortu ditudan igoerak ditut gogoan iltzatuak»

Asteburuan hartuko du erretiroa Asurmendik, eta Ardoi Espainiako Ohorezko Mailara igota erretiratu nahi du. Hasi zenean, ez zuen espero halako ibilbide bat osatzea. «Oso maitatua» sentitu da urte hauetan guztietan.

Maria Asurmendi saskibaloi jokalaria. IÑIGO URIZ / FOKU
IÑIGO URIZ / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askok nahiko luketen ibilbidea osatu du Maria Asurmendi saskibaloi jokalariak (Iruñea, 1986). Hogei denboraldi baino gehiago egin ditu gorenean, eta bi liga, Espainiako hiru Kopa eta Espainiako bi Superkopa irabazi ditu. Dena den, Iruñeko bi taldeekin lortutako igoerak ditu gogoan batez ere. Haren hitzetan, «betiko iltzatuta» geratu zaizkion uneak dira. Oraindik denboraldia ez da amaitu, eta bigarrenez igo nahi du gorenera Ardoirekin. Lehen urratsa egin dute horretarako, asteburuan igoera lortzeko Lauko Finalerako sailkatu baitziren. 

Zergatik erabaki duzu erretiroa hartzea?

Dagoeneko 40 urte ditut, eta azken lau denboraldietan buruan eduki dut ea noiz hartuko nuen erretiroa. Beti utzi nahi izan dut saskibaloia taldeari ekarpenik egiten ez nionean edo anbiziotsua izaten uzten nionean; azken batean, lehiatzeko gogoa edo grina agortzean. Uste dut orain garai egokia dela uzteko.

Ez zenuen espero saskibaloiko jokalari profesionala izatea, eta begira zer ibilbide osatu duzun...

Egia da banuela gaitasuna kirola egiteko; asko gustatzen zitzaidan futbolean aritzea, esaterako. Baina ez nuen ametsik. 

Zergatik saskibaloia, orduan?

Urte asko egin nituen futbola eta saskibaloia uztartzen. Athleticeko jokalari asko ezagutzen nituen; Erika [Vazquez], adibidez. Bi kirolak uztartu ezinik nenbilen momentuan, saskibaloiaren alde egin nuen. Esango nuke antolamenduarengatik hautatu nuela saskibaloia, giroagatik eta inguruagatik. 

Zein izan dira zure ibilbideko momenturik gozoenak?

Tituluak beti gogoratu arren, Iruñeko taldeekin lortu ditugun igoerak ditut gogoan iltzatuak. Navarra saskibaloi taldearekin jokatu nuen, eta hiru denboraldiz gorenean egotea lortu genuen.  Ardoirekin, berriz, orain bi denboraldi igotzea lortu genuen. Ibilbidean iltzatuta geratuko zaizkidan momentuak dira. Etxeko taldeak izanda, haiei ekarpena egiteak eta emakumezkoen erreferentziazko taldea gorenean ikusi ahal izateak asko betetzen nau. Horrez gain, ezagutu dudan jendea eta egindako lagunak ondoan ditut. 

Navarra kluba desagertu egin zen babes faltagatik. Gogorra izan al zen?

Bai. Hiru denboraldi izan ziren gorenean jokatzen, baina gero maila galdu genuen. Azken denboraldia sekulakoa egin genuen, kanporaketak ere jokatu genituen. Girona bezalako talde handi bati irabazi egin genion Arrosadian. Taldearen denboraldirik onena izan zen, baina taldea desagertu egin zen babes faltagatik, zoritxarrez. Ez ziguten soldata ordaintzen, eta oso gaizki pasatu nuen. Gogorra izan zen.

Iruñeko bi taldeetan ez ezik, Conqueron, Perfumerias Avenidan, Gernikan eta Araskin ere jokatu zenuen. Atzera eginda, espero zenuen egin duzun ibilbidea osatzea?

Ez nuen espero hogei urteko ibilbidea izatea, eta are gutxiago lortu dudan garaipen zerrenda lortzea. Conqueron irabazi nuen lehen titulua, Espainiako Kopa, eta oso barnean daramat. Batetik, ezustekoa izan zen, eta, bestetik, lehen garaikurra nuen. Oso berezia izan zen. Ez nuen uste berriro errepikatuko nuenik, baina gero Perfumerias Avenidan jokatzeko aukera izan nuen, garai hartan Espainiako Ligan zegoen talderik indartsuenean, eta titulu gehiago irabazi nituen.

«Polita izango zen beste liga batean jokatzea, baina pozik egon naiz hemen. Ez dut arantzarik»

Zer oroitzen duzu Gernikan eta Araskin egindako urteez?

Gernikaz oroitzapen oso onak ditut. Emaitza onak lortu genituen, eta nik ere denboraldi oso ona egin nuen. Horri esker, Perfumerias Avenidara joateko aukera izan nuen. Araskin, berriz, lau denboraldi izan ziren. Maitasun handiz oroitzen dudan aro bat da. Lagun eta momentu asko daramatzat Gasteiztik. Bietan oroitzapen oso onak ditut, baina Araskin askoz denbora gehiago egon nintzen, eta biziago oroitzen dut.

Beste igoera batekin amai dezakezu zure kirol ibilbidea, Ohorezko Mailara igotzeko Lauko Finala jokatuko baituzue. Nola zaudete?

Denboraldiko helburua ligako azken faserako sailkatzea zen, eta lortu dugu. Orain gogotsu gaude Lauko Finala jokatzeko. Presiorik gabe arituko gara. Gure lehen aurkaria Unicaja izango da, igoera lortzeko hautagai nagusietakoa. Ezustekoa ematen saiatuko gara, eta, zergatik ez, igoerarekin amestu, nahiz eta oso zaila izango den.

Arantzarik baduzu?

Esango nuke ezetz. Askotan jendeak galdetu izan dit ea ez ote dudan gogorik izan Espainiako Ligatik at jokatzeko. Urte hauetan izan ditut eskaintzak kanpoan jokatzeko, baina eroso sentitu naiz Espainiako Ligan. Gainera, urteek aurrera egin ahala, eskarmentu handiko jokalaria bilakatu naiz, eta taldeek aintzat hartu dute hori. Pozik sentitu naiz egon naizen taldeetan. Nahiz eta kanpoan jokatzea esperientzia polita izango zen. 

1,66ko garaiera duzu. Askotan esan al dizute txikiegia zarela saskibaloian jokatzeko?

Bai, jokalari altuagoen kontra jokatu izan dut beti, eta fisikoki indartsuagoak dira. Baina hasi nintzenean jokalari bizia nintzen. Txinparta handia nuen, eta erritmo aldaketa asko egiten nituen. Pixkanaka hobetuz joan naiz, eta taktikoki hobeto ulertzen ditut jokoa eta partidak. Taldean aritzeko jokalari bat bihurtu naiz, hiruko jaurtiketetan nabarmendu naizen arren. Urteak pasatu ahala, egitekoak aldatuz joan naiz, eta uste dut gai izan naizela taldeak behar zuen horretara moldatzeko. Agintzen ere ikasi dut. 

«Oraindik goiz da esateko non egongo naizen hemendik urte batzuetara, baina asko gustatzen zait kirol kudeaketa, baita entrenatzaile izatea ere»

Araskin, Gernikan eta IDKn ez dago etxeko jokalari asko. Zergatik?

Kontu konplexua da. Batetik, diru kontua dago. Kanpoan gehiago inbertitzen bada, eta soldatak handiagoak badira, jokalariak beste aukera batzuen bila hasten dira. Bestetik, gorenean jokatzea ez da batere erraza, eta uste dut eman beharreko saltoa oso handia dela. Ardoi taldearen bizkarrezurra Nafarroako jokalariak dira, eta saiatzen gara pixkanaka hezi eta prest egon daitezen gorenean jokatzeko. Baina ez da erraza. Begira Araskik zenbat sufritu duen denboraldi honetan mailari eusteko. Horrelakoetan, adibidez, zaila izaten da etxeko jokalariei aukerak ematea. 

Dirua aipatu duzu. Gernika eta Araski egoera zailean daude. Bizkaitarren babesle nagusia galdu dute: Lointek. Arabarrek, berriz, laguntza eskatu dute babesleak topatzeko. Nola ikusten duzu egoera?

Oso zaila da, azkenean babesle pribatu batek ematen dizulako sostengu ekonomikoa. Adibidez, Casademont Zaragozako taldeak gizonezkoen egitura du, eta nabaritzen da. Noski, ligari on egiten diote halako taldeek, baina talde xumeagoek edo laguntza gutxiago dituztenek sufritu egiten dute. Alde ekonomikoa gero eta handiagoa da. Babesle pribatuak ahalik eta gehien laguntzen saiatzen dira ikusgaitasuna lortze aldera, baina oso zaila da denboran zehar horrelako babesleei eustea, are zailagoa emakumeen saskibaloian. Ea Gernika nola ateratzen den egoera honetatik, kolpe gogorra baita.

Saskibaloi akademia bat duzu. Etorkizunean entrenatzaile izango zara?

Berrogei urteko jokalaria naiz, eta banekien B plan bat izan behar nuela. Ibilbidean ikasten eta neure burua trebatzen aritu naiz; enpresa ikasketak egin nituen, kirol kudeaketa ere ikasi dut, eta gorenean saskibaloiko entrenatzaile izateko titulua dut. Badira bost urte akademia bat sortu dugula, jokalarien garapen integralerako. Teknifikazioak, campusak, hitzaldiak eta abar egiten ditugu. Asko asebetzen nau lanak. Oraindik goiz da esateko non ibiliko naizen hemendik urte batzuetara, baina asko gustatzen zait kirol kudeaketa, baita entrenatzaile izatea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA