2013ra arte Donostian

Jimmy Baronek beste bi urterako berritu du, Lagun Aro «hobetzen jarraitzeko toki ezin hobea» dela argudiatuta

Gorka Ramoneda Lagun Aroko presidentea, Jimmy Baron eta Pablo Laso entrenatzailea, atzo, Illunben. J. C. RUIZ / ARP.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Jimmy Baronek denbora luzea egingo du Euskal Herrian. Urtebeterako kontratua sinatu zuen udan, baina haren errendimendu bikainak Lagun Aro nahi baino lehenago mugitzera behartu du, eta 2013ra arte lotu dute Rhode Islandeko eskoltaren parte-hartzea. Gorka Ramoneda taldeko presidentearen ahotan, akordioa erraza izan da, «bi aldeek gauza bera nahi genuelako». Ramonedak ez zuen ukatu Lagun Aroren mugimendua talde batzuek Baron fitxatzeko agertutako interesaren ondorioa dela. «Ligako hiruko jaurtitzailerik onena da, eta horrek beti dauka oihartzuna. Beste talde batzuen interesa piztea normala da». Ramonedakesan zuen etete klausula bat adostu dutela, baina ez zuen kopururik eman.

Baronek berak eskerrak eman zizkien aurren-aurrena Illunbeko prentsa aretora bertaratutako guztiei, hilabete hauetan eman zaion laguntza eta babesagatik, eta zorte handiko pertsona sentitzen dela esan zuen, «Donostian jokatzeko aukera dudalako». Estatubatuarrak esan zuen oso eroso sentitzen dela egunero inguruan dituenekin: «Taldekideak, entrenatzaileak, komunikabideak... Niretzat funtsezkoa da erosotasuna, ondo sentitzea, eta zalantza gutxi izan dut erabakia hartzeko orduan».

Baroni bere kasua berezia dela galdetu zioten. Ez dela ohikoa jokalari atzerritar batek hiri eta talde batean bost hilabete pasatu eta kontratua berritzea erabakitzea. Zergatia galdetu ziotenean, honela erantzun zuen: «Jokalari gaztea naiz, eta ez dakit etorkizunak zer ekarriko didan. Ikasteko, hobetzeko grina daukat, eta Lagun Aro eta ACB liga talde eta txapelketa ezin hobea direla uste dut». Bere gurasoekin luze hitz egin duela aitortu zuen Baronek: «Entrenatzailea da aita, eta hark ematen dizkidan aholkuak garrantzitsuak dira niretzat. Hemengo berri eman nion, eta bertan geratzeko aholkua eman zidan».

Baron bikain aritu da. Turkian aritu zen joan den denboraldian, eta jokalari ezezaguna zen guztiz ACB ligan. Lau hilabete eskasetan ligako hiruko jaurtitzailerik onena bilakatu da. Hiru baino gehiago saskiratzen ditu partidako, eta ia-ia %44ko portzentajearekin. Saskiratzaileen zerrendan ere seigarrena da, eta batez beste hamabost puntu saskiratzen ditu partidako. Zenbaki horiek beste talde batzuen arreta erakarri du, baina azkar eta ondo mugitu da Lagun Aro. Baronekin, lau dira 2011-2012ko sasoirako kontratua duten jokalariak: Javi Salgado, Baron, Andy Panko eta David Doblas. Oinarri sendoa.

Laso: «Mugimendu ona da»

Pablo Lasok ere taldeko zuzendaritzak egindako mugimendua txalotu zuen. «Baronek zenbaki onak edo txarrak lortzea baino garrantzitsuagoa da jokalari batek transmititzen dizuna. Jimmy oso ondo egokitu da taldera, hirira, hilabete gutxi batzutan, eta horri etekina ateratzen saiatu behar duzu nola edo hala, ez delako sarri gertatzen. Saskibaloi jokalari ona dela erakutsi digu, baita pertsona ona, zintzoa dela ere, eta oso komenigarria da ezaugarri horiek dituen jendea edukitzea taldean».

Ramonedari beste mugimenduren bat egongo ote den galdetu zioten, eta jokalari mailan ezezkoa esan zuen. Nikoloz Tskitixviliren jardunarekin arduratuta daude, baina merkatuan georgiarraren ekarpena hobetuko duen ezer onik ez dagoela dirudi. Taldearen lehentasuna Laso lotzea zela adierazi zuen Ramonedak, eta Lasok berak, gauzak zeharo okertzen ez badira, Donostian jarraituko duela iradoki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.