kirola

2016ko Olinpiar Jokoak Rio de Janeiron izango dira, lehen aldiz Hego Amerikan

Madrili nagusitu zaio finalean, erraz: 66-32. Kopenhageko lehen bi bozketatan Chicago eta Tokio geratu dira kanpoan. Obama, Lula da Silva, Zapatero, Espainiako erregea edota Hatoyama izan dira hitzaldietan.

2009ko urriaren 2a
19:47
Entzun
Rio de Janeiron (Brasil) izango dira 2016. urteko Olinpiar Jokoak. Lehen aldiz Hego Amerikan. Brasilgo hiriak Chicago (Ameriketako Estatu Batuak), Tokio (Japonia) eta Madril (Espainia) izan ditu gaur Kopenhagen (Danimarka) aurkari, eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (NOB) ordezkariek bera hautatu dute. Ez da ustekabea izan.

Lau hautagaien arteko aurreneko bozketan Chicago geratu da kanpoan, boto gutxien jasota. Bigarrengoan Tokio. 18:50ean eman du irabazlearen berri Jacques Rogge NOBeko presidenteak; 66 boto jaso ditu Brasilek, 32 Madrilek.

Batzordea sinetsita dago Olinpiar Jokoek Rio de Janeiro eralda dezaketela, baita Brasil bera ere. Azken batean, 2008rako Pekin aukeratu zuteneko apustua egin dute berriro. NOBk badaki Brasilgo hiriak zenbait gabezia dituela azpiegitura eta segurtasun alorretan, baina oso gustukoa du. Horregatik eman zion NOBko Ebaluazio Batzordeak puntuaziorik onena irailaren 2ko txostenean.

Harrigarria da Rio de Janeirok denbora gutxian eman duen jauzia, iazko ekainaren 4an estu eta larri gainditu baitzuen lehen galbahea. Doha, Baku eta Praga bakarrik izan zituen atzetik; horiek lehiaketatik kanpo geratu ziren.

2014ko Munduko Futbol Txapelketa, gainera, Brasilen izango da.

Zer du alde? Zer kontra?

Alde. Rio de Janeirok aurkezpen bikaina egin zuen NOBko Ebaluazio Batzordean, babes handia du herritarren artean eta Brasilgo Gobernuak ere babes osoa eskaini dio proiektuari. Hego Amerikako inongo herrialdek ez ditu antolatu inoiz Olinpiar Jokoak, eta horrek haren alde egin du.

Kontra. Segurtasun eta garraio arazoak ditu, segurtasunekoak batez ere. Horrez gain, kirolgune batzuk urruti daude euren artean, eta logela gutxi ditu.

Beste hautagaiak

Chicago. 1901ean Chicago aukeratu zuten 1904ko Jokoak hartzeko, baina azkenean San Louisek (AEB) antolatu zituen, Erakusketa Unibertsalarekin bat egiteko.

Tokio. Japoniako hiriak antolatu izan ditu Jokoak: 1964an.

Madril. Behin ere ez ditu antolatu, eta hirugarren aldiz geratu da hautatu barik.

Ordezkaritza politiko garrantzitsua Kopenhagen

Goi mailako arduradun politikoen festa izan da gaur Kopenhagen hizlarien artean: Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo Gobernuko presidentea, Yukio Hatoyama Japoniako lehen ministroa, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea, Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregea, Barack Obama AEBetako presidentea... Bakoitza bere hautagaitza defenditzen.

Obama gaur bertan iritsi da; joan ere bai hitzaldia egin ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.