Olinpiar Jokoak

2024ko Olinpiar Jokoetako kirolen piktogramak aurkeztu dituzte

62 piktogramak osatuko dute Jokoen iruditeria. Hiru elementu uztartzen dira bakoitzean: kirola ordezkatzen duen elementu bat, kirola egiten den lekua, eta simetria.

2024ko Olinpiar Jokoetako kirolen piktogramak. PARIS2024
Julen Otaegi Leonet.
2023ko otsailaren 9a
17:59
Entzun

Pare bat urte geratzen dira, baina Parisko 2024ko Olinpiar Jokoak hasi dira motorrak berotzen. Ezaguna da jada Jokoen irudia —Marianne Frantziaren irudi alegorikoa, su olinpikoa eta urrezko domina uztartzen ditu—. Orain, ordea, beste batzuen txanda da. Parisen izango diren kirolak irudikatzen dituzten piktogramak aurkeztu ditu ekitaldiaren batzorde antolatzaileak. 62 irudi dira denera.

Piktograma bakoitza «ohorezko intsignia» bat da, antolatzaileen arabera. Hiru elementu uztartzen dira bakoitzean: kirola ordezkatzen duen elementu bat, kirola egiten den lekua, eta simetria.

62 dira irudiak, baina 70 kirolak. Izan ere, Olinpiar Jokoetako eta Paralinpiar Jokoetako zortzina kirolek piktograma berak erabiliko dituzte.

2024ko Paralinpiar Jokoetako kirolen piktogramak. Paris2024

Duela 50 urte baino gehiago hasi ziren piktogramak erabiltzen Jokoetan; 1964ko Tokiokoetan, zehazki. Horien helburua zen kirolak identifikatzeko beste modu bat eskaintzea, hizkuntzaren mugak gainditzeko. Eta, ordutik hona, lau urtean behin herrialde bakoitzak bere diseinuak egin ditu.

Hona hemen 2024ko Olinpiar Jokoetako piktogramen aurkezpen bideoa:

Jokoetako argi zuzia, Marseillatik

2024ko uztailaren 26an ekingo diete Parisko Olinpiar Jokoei. Egun hartan helduko da su olinpikoa, milaka kilometroko ibilbidearen ostean. Ohitura den bezala, Olinpian piztuko dute argi zuzia, Grezian, eta Atenasko Panathinaiko estadioraino eramango dute lehendabizi. Handik, Parisko batzorde antolatzaileak hartuko du lekukoa. Hamar eguneko zeharbidea egingo du suak Mediterraneoan zehar, Atenastik Frantziara. Belem belaontzia arduratuko da sua Mediterraneotik Frantziara eramateaz —hiru mastadun Europako ontzirik zaharrenetakoa da—.

Lehen helmuga, Marseilla hiria. Ez da kasualitatea: Antzinako Greziako kolonia bat izan zen hiri hura. Baina badira «hainbat arrazoi», Toni Estanguet Parisko Jokoetako presidenteak azaldu duen gisan: «Gakoetako bat izan da kirolak hirian eta jendearen bihotzean betetzen duen lekua, baita urte askoan [Jokoekin] izan duen konpromisoa ere». Horiek horrela, argi zuziaren etorrera ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte; 800 atletak parte hartuko dute horietan, eta hamarna bela proba eta futbol partida egingo dituzte.

Marseillatik Pariserainoko ibilbidea zehazteko dago oraindik; datorren urteko maiatzean iragarriko dute. Batzorde antolatzailearen asmoa, berez, su olinpikoa Frantziako departamendu guztietatik igarotzea zen. Dena dela, hainbat departamenduk erabaki dute suari harrerarik ez egitea, horrek dakarren kostuagatik. 180.000 euro inguru kostatuko litzateke departamendu bakoitzetik igarotzea —hasieran, 80.000 euro ziren—. Ondorioz, argi zuzia ez da hauetatik igaroko, Le Monde-ren arabera: Vienne Garaia, Loira Atlantikoa, Indre eta Loira, Cotes-d’Armor, Orne, Vosgeak eta Lot eta Garona. Estanguet Jokoen presidenteak zehaztu du helburua ez dela dirua lortzea. Are gehiago: sua garraiatzearen kostua «askoz handiagoak da» departamenduei eskatzen zaien ekarpena baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.