FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA

23 puntu, eta bost jardunaldi lehen itzulia bukatzeko

Osasunak gertuago du liga hasieran jarritako helburua: mailari eustea

Erredakzioa
IRUÑEA
2003ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Denboraldi hasieran argi eta garbi azaldu zuen Osasunako entrenatzaile Javier Aguirrek zein zen taldearen helburua: lehenengo mailan jarraitzeko beharrezkoak diren 44 puntuak lehenbailehen lortzea. Izan ere, Espainiako Ligan garaipenak hiru puntu balio dituenetik aski izan dira 44 puntu mailari eusteko. Helburua lortzeko asmoz, Aguirrek lehen itzulia 23 punturekin amaitzeko eskatu zien jokalariei; baita lortu ere; izan ere, bost jardunaldi falta dira lehen itzulia amaitzeko. Herenegun Espanyolen aurka lortutako garaipenarekin Osasuna laugarren da sailkapenean, eta jada 23 puntu ditu. Bide erdia egina dute, beraz, Aguirren jokalariek.

Ligako lehen hamalau jardunaldietan maila bikaina eskaini arren, Aguirrek argi du helburua oraindik ere mailari eustea dela. Osasunak lehen itzulian lortutako puntu kopurua handitzeko bost aukera izango ditu; hiru Sadarren (Celta, Zaragoza eta Sevilla) eta bi etxetik kanpo (Racing eta Athletic). Bigarren mailara jaisteko azken postua 10 puntura du Osasunak. Aguirrek, ordea, ez du orain arte erabali duen mezua aldatu, eta taldearen helburu bakarra mailari eustea dela esan du, behin eta berriz.Puntu kopurua handitzeko lehen aukera bihar bertan izango du Osasunak, Celtaren aurka. Ez da, ez, Celta aurkari erraza izango. Lotinaren taldea sailkapeneko zuloan dago, eta ezinbestekoa du Sadarren emaitza on bat lortzea. Gainera, azken hiru denboraldietan Celta irabazle izan da Sadarren, zazpi gol sartuta eta gol bakar bat ere jaso gabe.Javier Aguirrek larunbatean ezin izango du Celtaren aurka azken bi jardunaldietan primeran aritu den hamaikakoa atera. Izan ere, Antonio Lopez ezker lateralari txartel gorria atera zioten lehenengo zatia amaitzear zela, eta ezin izango du jokatu. Baliteke Gorka Garcia aritzea Lopezen ordez.

Lan saio arina Taxoaren

Osasunak lan saio arina egin zuen atzo goizean Taxoaren. Bakayokok, Webok, Sanzolek eta Puñalek ez zuten parte hartu lan saioan; Espanyolen aurkako partidaren ondotik arazo fisiko arinak dituzte. Pentsatzekoa lau jokalariak Celtaren aurka jokatzeko prest egongo direla.

Entrenamenduaren ostean pozik agertu zen Webo. «Bide onetik goaz. Lehenengo Mailan jarraitzeko behar ditugun puntuak lehenbailehen lortu behar ditugu, eta gero gerokoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.